Aspaldion Apple erakusten ari da berak ere monopolio izan nahi duela, Microsoft ordenagailuetan nola. Garai batean saiatu zen Macintosh ordenagailuekin –erabaki zuenean sistema itxi bat eramango zuela, erabat bateraezina artean zebiltzan ordenagailuekin–, baina orduko hartan Microsoft bizkorragoa izan zen, justu alderantzizko estrategiarekin.
Oraingo honetan, berriz, iPod musika jogailuaren arrakastan oinarrituta, berriro ari da helburu bera lortu guran, oraingo honetan musikaren esparrutik abiatuta. Behin erabateko nagusitasuna irabazita musika salmentan, oraingoan beste pare bat esparrutara egin nahi du salto, sakelako telefonoetara (iPhonekin) eta etxeko telebistetara (AppleTV erabilita).
Microsoftek Windows bihurtu zuen bere estrategiaren erdigune, eta Applek gauza bera egin nahi du iTunes denda eta aplikazioarekin. Bai iPod eta baita iPhone kargatzeko eta kudeatzeko iTunes behar da; bestela, ez dabiltza. Eta AppleTVk ere horra jo beharko du telebista saioak lortze aldera.
Miresten dut Applek zer grina duen berrikuntzarako, gehienetan oso produktu onak ateratzen baititu, baina ez zait bat ere gustatzen monopolio bihurtu nahi hori, monopolioek estutu egiten baikaituzte, eta une batetik aurrera, oztopo bihurtzen dira berrikuntza ororentzat. Argigarria da, oso, Timesonline albistariak horren gainean atera duen artikulua.
Ez zaio komeni monopolio izatea, eta guri ere, ez digu inolako onurarik egiten.Produktu diseinuan eta aplikazioetan ez dago Apple bezalakorik.Berrikuntzan ere buru-belarri dabil, eta horrek merkatua handitzen du.