Atzo Luistxo Fernandez izan genuen HUHEZIn, Mondragon
Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Beste blog batean idatzi dut hark esandakoaren gainean. Hona, berriz, ekarriko dut ikasleei
esan nizkien hitzak Luistxo aurkezteko.
Luistxo
Eibarren jaio zen orain 40 urte eta Donostian bizi
da, emaztea eta bi seme-alabarekin. Ikasketaz kazetaria da, eta nik horrela
ezagutu nuen Durangoko Azokan, Euskaldunon Egunkariak lehen Estilo Liburua
argitaratu eta aurkeztu zuenean, berak ere parte hartu baitzuen lan hartan.
Gogoan dut nola eskatu nion sinatzea erosi berria nuen Estilo
Liburuan.
Orain ez dizuet kontatuko Luistxoren bizitza, nahiz
eta oso interesgarria izan. Bakarrik esango dizuet, hainbat arlotan utzi duela
arrastoa Luistxok, eta arrasto sakona:
Kazetari
gisa, paperean. Argian,
Euskaldunon Egunkarian eta Arrasate Pressen egin du lan batez ere, eta horren
emaitza ikusi ahal duzue Tetris liburuan, 1995ean argitaratua. Eta baita
Espainiako Gerra Zibila Euskal Herrian liburuan.
Idazle moduan ere egin ditu pinitoak, adibidez lan
honekin, Kontaktua, bere garaian nahiko oihartzun izan zuen
narrazioa.
Teknofilo
bezala. Luistxo aurreratu bat
izan da, eta, beste lagun batzuekin batera, eibartarrak posta zerrenda sortu
zuen orain zortzi bat urte, Euskal Herriko posta zerrendarik erabiliena
euskaraz. Lagun bertsuekin Aurki.com sortu zuen, bilatzaile bat, euskaldunoi
musu-truk etorri zitzaiguna Eusko Jaurlaritza milioiak eta milioiak gastatzen
ari zenean Microsofti dirua ematen, Word eta antzeko programak euskaratu eta
kadukatutakoan irits zitezen euskaldunongana.
Enpresari
moduan, CodeSyntax sortu du,
beste lagun batzuekin batera, gure arteko enpresarik interesgarrienetako bat gaur egun
Internet kontuetan.
Teknologo
legez, ere sortu du, Josu
Azpillagarekin batera, Euskal Herriak Web 2.0 esparruari eman dion aplikaziorik
arrakastatsuarena: Tagzania.
Irakasle
bezala, uste dut lan aparta
egiten duela. Sustatu sortu zuenean, zeren Luistxok sortu baitzuen Sustatu.com,
berak bazekien zer nahi zuen, zelakoa gura zuen Sustatu, eta posta zerrenda bat
sortu eta hor erakutsi zigun zelan idatzi, zertaz, etab., etab. Nik uste dut
bera dela euskal blogosferaren aita.
Polemista
zorrotza izan daiteke, nahi
duenean. Egun hauetan, adibidez, askoren ahotan dabil Maite Artolarekin izan duen
ika-mika, Mezularia irratsaioak ez dielako ematen euskarazko blogei beste
informazio iturriei ematen dien trataera.
Editore
gisa, zorrotza da
Luistxo, eta hori ikusi da Sustatun bost urte hauetan: dedikazioa, begi
zorrotza, kazetari sena… denetik du, eta igarri egiten da.
Blogari
ere bada. Sustatun hasi zen
idazten, baina gero beste bi blog sortu ditu: Ingelesen Hilerria, hiru
hizkuntzatan egina, eta El Mapamovil,
gaztelaniaz.