Bi gauza ditu niretzat bereziki erakargarriak Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokak: aspaldiko lagunak agurtzea eta ustegabeko liburuak topatzea. Atzo, ostegunez, horixe gertatu zitzaidan. Mondragon Unibertsitateak lehen aldiz ipini du txosna bat azokan eta, horren kausaz, atzo eguerdi-arratsaldean han egotea egokitu zitzaidan, Miren alabaren konpainia onean. Halako batean, hasi nintzen begiratzen alboko txosnaren katalogo batean, EHUrena, eta konturatu nintzen Erasmo Rotterdamgoaren lan bat zutela salgai: Otorduak, Limes bilduman argitaratua.
Gaztetatik izan dut fijazioa Erasmorekin, institutuan nenbilela gaztelaniaz irakurri nuenetik Eromenaren laudorioa. Harritu egin nintzen orduan mendeak pasata gaurkotasunik ez zuelako galdu artean. Halaber, atentzioa eman zidan zein ondo idazten zuen Erasmok eta zein prosa ulerterraza zerabilen. Horregatik, orain zenbait urte jakin bezain laster Pentsamendu Unibertsalak izeneko bildumak lan hura argitaratu zuela euskaraz, liburu dendara joan nintzen ale bat erosteko asmoz. Halabaina, han bertan hasi nintzenean irakurtzen, ia erori egin zitzaidan esku artetik, hain zuen-eta euskara bihurria.
Atzokoan, ostera, harritu egin nintzen beste lan hori ikusita, Otorduak, eta pozik bai pozik erosi nuen, aurretik pasarte batzuk irakurrita. Berriro aurkitu dut Erasmo. Eskerrik asko, Durango.