Gu bai sektarioak!

Francoren kontra ez ginen hobeto bizi. Diktadoreak biltzen gintuen, despota hura egotzi nahi genuelako agintetik, baina elkarri mokoka ibiltzen ginen, zein abertzaleago edo zein iraultzaileago, eta gaitzetsi egiten genituen gure iritzietatik kanpo zihardutenak. Ni ere saltsa horietan ibili nintzen, eta ez nago bat ere harro egindakoaz.

Joan den ostiralean lagun batzuk etorri zitzaizkigun Gernikatik gurekin afaldu eta Musikairek antolatutako jaialdiaz gozatzera. Batek goraintziak eman zizkidan unibertsitate garaian nirekin ibilitako lagun baten partetik. Deustuko Unibertsitatean ikasi genuen elkarrekin, eta elkarrekin aritu ginen Euskal Kultur Mintegian, unibertsitatean bertan euskara eta euskal kultura bultzatu guran.

Azaldu nion Gernikako lagunari garai hartan gure arteko liskarrak etengabeak zirela Euskal Kultur Mintegian. Haiek Aresti ekarri nahi bazuten, guk ezetz, espainolista hutsa zelako. Berdin Oskorrirekin, antzeko arrazoiengatik. Kasu horietan gu ginen puruetan puruenak.

Gaur atzera begiratzen dut, eta lotsatu egiten naiz. Tartean aukera izan dut Aresti hobeto ezagutzeko eta Oskorriren ibilbideaz gozatzeko, eta zortea izan dut tratatzeko Alderdi Komunista, EMK nahiz LKI alderdietan ibilitako zenbait lagun, eta konturatu naiz zein oker genbiltzan eta zein erraz kondenatzen genuen jendea, nahiz eta haiek guk beste edo gehiago maite zuten gure herria.

Hala eta guztiz ere, gure arteko harremana inoiz ez da eten, oso noiz behinkakoa izatera iritsi bada ere. Batzuetan nahikoa izan da batak besteari goraintziak helaraztea, oraingoan bezala. Eskerrak.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

4 erantzun Gu bai sektarioak!-ri

  1. egilea: Igor

    Beharbada gazteegia naiz, baina Aresti eta Oskorri espainolista omen zirela dioten kontu horiek entzuten ditudanean, ez dut ondo ulertzen garai hartako giroa eta zer zen espainolista izatea. Badakit gurpilak zulatzen zizkietela Oskorrikoei kontzertuak ematera joaten zirenean, espainolistak zirelakoan. Baina mesedez: norbaitek azalduko dit zergatik hartzen ziren espainolistatzat?
    Berriz diot: adinagatik izango da (25 urte ditut), baina ez dut ulertzen. Eskertuko dut azalpen hori.
    Eskerrik asko.

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    Ez naiz harritzen zure kezkaz, Igor, gaur egungo ikuspegitik zaila baita ulertzea nola leporatu zekiekeen Arestiri eta Oskorriri espainolista izatea. Antza denez, Arestik adierazpen batzuk egin zituen, edo nonbaiten idatzi zerbait, ez nago seguru zehatz-mehatz zer, eta hortik zetorkion estigma. Oskorriren bekatua, berriz, zen Arestiren letrak musikatzen zituela.

  3. egilea: patxi lurra

    Oso hausnarketa interesgarria, Joxe.

    Neure ustez, sektarismo mota hau ez da iraganeko kontua. Mamian, “euskaraduna/euskal hiztuna=euskal abertzalea” identifikazino automatikoa dago. Tamalez, 2006. urtean be hori holan izaten segitzen dau. Eta ez dot “tamalez” esaten txarto iruditzen jatalako (nik neuk eta neure inguru gehienak ekuazinoa betetzen dogu), baizik eta euskal hiztunen komunitatea handitzea eta aberastea eragozten daualako. Egon badagoz (Gabriel Aresti ikur) baina, gaur egun eta oraindino, gitxi dira euskal abertzaleak ez diran euskaradunak. Gitxiegi.

    Hametik aurrera, kontua da erakargarria egitea Euskararen Herria euskal abertzaleak ez diranantzako, lehenik eta behin daroiagun politika karga astuna arintzen. Eta buruetatik kentzen saiatuz beste ekuazino zital hura: “Edo neugaz edo neure kontra”. Ez da Mr.Bush edo Aznarren kontua bakarrik, ez.

  4. egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrik asko, Patxi. Erabat ados nago zurekin.

Utzi erantzuna Joxe Aranzabal(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude