Aitormena

Aste batzuk lehenago esan zioten minbizia zuela barrabil batean. Indianapolisko Unibertsitate Ospitalean zegoela, hantxe egingo zioten-eta ebakuntza buruan, hango onkologo batekin elkartu zen, prestatzeko bai ebakuntza eta baita ondorengo tratamendua ere. Hizketan ari zirela, bat batean medikuak galdetu omen zion aurretik dopinik hartu ote zuen. Ez hotz ez motz, txirrindulariak baietz erantzun: “EPO hartu dut, hazkunderako hormonak, kortisona, esteroideak eta testosterona”. Gaixoa Lance Armstrong omen zen, eta kontu hau orain egun gutxi atera dute Le Monde eta “El País”:http://www.elpais.es/articulo/deportes/Armstrong/admitio/1996/haberse/dopado/cancer/Le/Monde/elppordep/20060623elpepudep_5/Tes/ egunkariek. Niretzat, sinesgarritun osoa du pasarte horrek.

Minbizia izan duenak badaki medikuaren aurrean jartzerakoan, hor ez dagoela gezurrik esaterik. Gordina izan arren, egia esan beharra dago, esandakoek erabat baldintza bailezake ondorengo tratamendua. Eta, nik dakidala, inork ez du nahi izaten okerreko tratamendua jasotzerik gezurra esatearren.

Miresten dut Lance Armstrong minbiziari aurre egiteko erakutsi zuen adoreagatik. Hala ere, sinestuta nago bai bera eta bai tropel guztia dopinaren eraginpean ibili direla, nola dabiltzan NBAko jokalari erraldoi horiek eta, oro har, kirol elitean dabiltzanak, edozein kirol elitetan. Ikusleok ikuskizuna nahi dugu, antolatzaileek telebistaren erretiluan zerbitzatzen digute, eta kirolariak prestatu egiten dira guk eskatzen dugun maila ematen, horretarako edozer gauza hartu behar baldin badute ere. Negozioa oso handia da, eta berorren inguruan sorturiko gezurra ere bai.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

4 erantzun Aitormena-ri

  1. egilea: Aitor

    Tira, nik ez dut Amstrong-en burua zurituko, baina egia da ere frantziar prentsa oso pikatua zegoela berarekin, iaz l´Equipe egunkariak egin zuen bezala.
    Noski, Indurainek esan zuen moduan, tourreko etapak ez dira makarroiak soilik jaten irabazten, eta argi dago kanpoko laguntza dagoela. Hori bai, Amstrong-i zenbat antidoping analisi egin dizkiote? Zenbatetan eman du positibo?

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    Jende askok ez du inoiz eman positibo analisietan, nahiz eta dopatu. Txirrindularitzan eta beste kirol askotan.

    Jan Ullrichen adierazpenak datozkit gogora, Giroa korritzen ari zela esan ziotenean Manolo Saiz atxilotu zutela. Tamalgarria dela gaizkile gutxi batzuengatik txirrindularitza horrela zizkintzea. Gaur El País egunkariak bera ere aipatzen du, Madrilgo kasuan zikinduta egon daitekeelako.

  3. egilea: Aitor

    Baina orduan dopatuta joatea zer da? Zerrenda bat dago, debekatutako sustantziekin, eta hortik kanporakoa libreki hartu daiteke. Analisian ez badute positiborik ematen, suposatzen da dela sustantzia horiek ez dituelako hartu.

    Perico Delgadok Tourra irabazi zuenean zer gertatu zen? Handik hilabete batzuetara debekatuta egongo zen sustantzia bat atzeman ziotela, baina orduan legala zen. Perico dopatu zen?

  4. egilea: Joxe Aranzabal

    Badira hainbat sustantzia erabiltzen direnak beste batzuen arrastoa estaltzeko, eta horiek barra-barra erabiltzen omen dira tropelean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude