Egun hartan bero egiten zuen, eta erabaki nuen lasterka egitea elastikorik gabe. Kibutza utzi eta basamortuan barneratu nintzen, beduinoen herriskaraino. Kibutzera bidean, ordea, euriak harrapatu ninduen. Biharamonean irakurri nuen The Jerusalem Post egunkarian Israelen bezperan egindako euria erradiaktiboa izan zitekeela, Txernobiletik zetorren-eta, non bizpahiru egun lehenago indarretxe nuklear bat lehertu baitzen. Egia balitz, kutsatuta nengoke.
Orain hogei urte, indarretxe nuklear bat lehertu zenean Txernobilen, gu Israelen geunden, Mishmar Hanegev kibutzean. Egun erdiz hebreera ikasten eta beste erdiz, lanean. Zur eta lur geratu ginen hondamendiaren berri izan genuenean, eta gure artean eztabaida ugari izan zen, zenbaitek uste baitzuten amerikarrek asmatutako albiste bat zela, Sobiet Batasuna ahultzeko.
Egun hauetan arretaz irakurri dut National Geographic aldizkariak Txernobilen inguruan argitaratutako erreportajea. Mila historia hunkigarri daude horren atzean.