Urte pare bat bai, ibili naiz liburu honen bila Historia de una maestra, Josefina Aldecoarena eta egun hauetan irakurri dut, erosi eta berehala. Gustura irakurri ere.
Aurretik beste liburu bat irakurri nion Josefina Aldecoari, En la distancia, hori ere Alfaguarak argitaratua, eta orduan liluratuta geratu nintzen emakume horren nortasunarekin eta idazteko moduarekin. Hantxe izan nuen beste liburu honen berri, eta orduan sartu zitzaidan berau irakurtzeko gogoa.
Liburu honek kontatzen ditu maistra gazte batek 1923ko Espainian irakasle titulua aterata bizi dituen gorabeherak. Hasten da Franco koronela ezkontzen den egunean, egun horretan jaso baitzuen irakasle titulua gure protagonistak, eta amaitzen da hamahiru urte geroago, Franco generala matxinatzen denean Espainiako Errepublikaren kontra.
Maistra idealista bat
Protagonista emakume gazte bat da, Gabriela, Leon probintziakoa, zeinen aitak hezi baitu askatasunaren ametsarekin. Zinez sinesten du hezkuntzaren bidez alda dezakeela gizartea, hobe dezakeela eta denen artean sor daitekeela gizarte justuagoa, eta horrek eramango du hainbat herrixka eta esperientzia bizitzera. Herri txiki galdu batean biziko da, gure Obabako maistra gaztearen moduan, Ekuatore Gineara joango da gero, baita nekazari herri batera ere, non ezkonduko baita beste maisu batekin, eta, azkenik, meatz herri batera. Eta han bizi izango du 1934ko matxinada.
Gabrielak sinesten du hezkuntzaren indar eraldatzailean eta horrek emango dio indarra aurrera egiteko, baina bidean oztopoak etorriko zaizkio bata bestearen atzetik: elizaren jarrera atzerakoia, beldurrak, meatxuak, ezjakintasuna, dirudunen presioak Buru eta bihotz egingo du lan bere ametsaren bila, eta hor senarra izango du bidaide, baina hori ere urruntzen hasten zaionean, alabarengan eta eskolan aurkituko du kontsolamendua.
Amets zoragarri baten historia da hau, Espainiako maisu-maistra idealista askoren amets urratua, “Institución Libre de Enseñanza”:http://www.fundacionginer.org/ haren jarraitzaileak baitziren.
Kaixo:
Duela urte batzuk irakurri nuen liburua, baina ez dut gogoratzen. Agian berriro heldu beharreko liburua izan daiteke.
Bestalde, aste honetako Argian elkarrizketa egin dio Miel Anjel Elustondok Aldecoa andereari. 80 urte eta erretiroa hartu ezinik omen dabil, jotake. Hori sasoia!
Ondo segi, Joxe.
Aupa, Mikel! Bada astirik baldin baduzu, irakurri berriro liburua, merezi du-eta. Josefina Aldecoa bera ere, oso interesgarria da. Saiatuko naiz irakurtzen Argiako elkarrizketa. Mila esker eta segi ondo.