Ikastaro bat ematen hasi naiz HUHEZIn, Web 2.0. Komunikazio eraginkorra Interneten, eta erabaki dut han esandako guztiak sarean jartzea, Gizakom blogean. Erabaki soil horrek jakin mina piztu du sarelari euskaldun askoren artean, seguruenik material gutxi dagoelako euskaraz gai horren inguruan. Atzo Klik bikoitza eta Sustatu blogek atera zuten ikastaro horren berri, eta jende mordoa sartu zen Gizakomen informazio bila, inoiz baino gehiago.
Irakatsiko dudan softwarea egokia da, oso, lanak partekatzeko, eta nik ere horixe egin nahi dut, besteengandik ikasitakoa denen esku ipini, beste batzuek ere balia dezaten material hori, beraiek egoki ikusiz gero, behintzat
Orain arte lau artikulu argitaratu ditut Web 2.0 ikastaroari lotuta:
- Web 2.0 ikastaroa.
- Writely eta Web 2.0 ikastaroa.
- Web 2.0 lehen eguna.
- Sarelariak posta zerrenda.
Web 2.0 deitzen zaio aplikazio multzo bati, zeinen bidez erabiltzaileak askatasuna baitu sarean bertan lanak sortu, kudeatu eta beste batzuekin partekatzeko. Halaber, izen horrekin izendatu nahi izaten da sarearen fase dinamiko eta sortzailea.
Web 2.0
Zehazki, programa hauek ikasiko dituzte ikasleek Web 2.0 ikastaroan: blog bat eta posta zerrenda bat egiten, CalendarHub, del.icio.us, Bloglines, Flickr, Tagzania eta Writely. Horrekin batera, ikasleek ikasiko dute netiketa, hau da, nola idatzi Interneten.