Bi urtean lehenengo aldiz, gaur ez dut hartu Prednisonarik, kortikoide bat laguntzeko erretxazoaren ondorioak konpontzen. Hala ere, oraindik hartzen ari naiz botika hori, baina egun biz bat.
Hezur-muinaren transplantea egin eta zazpi bat hilabetera, kendu egin zidaten ziklosporina, eta orduan hasi nintzen prednisona hartzen. Artean helburua zen desagerraraztea erretxazoaren ondorioak, zeinak nire kasuan agertzen baitziren batez ere ahoan eta azalean. Eta, egia esan, prednisonak ederto konpondu zizkidan arazook. Trukean, talo aurpegia egin zitzaidan, eta konkor bat bizkarrean.
Harrezkero, hainbat ahalegin egin ditugu prednisona poliki-poliki jaisteko, baina maila batera iritsita, beti agertzen zitzaizkidan zauriak ahoan, eta arazoak azalean. Horregatik, behin eta berriro atzera egin behar izan dugu, berriz hasteko jaisten.
Orain, berriz, inoiz baino urrutiago iritsi naiz jaitsiera horretan: atzo 10 miligramo prednisona hartu nituen; gaur, ostera, ezer ez; bihar berriro 10 mg, eta etzi ezer ez , horrela hilabetez. Dena ondo joanez gero, hurrengo hilean tartekatu egingo ditugu 5 mg egun batean eta ezer ez hurrengoan, beste hilabetez.
Egun birik bat
Medikuak esan zidanez, berez gorputzak egunean 7 mg hormona sortzen ditu, prednisonaren oso antzekoa, baina azken bi urteotan ez du ezer sortu, kanpotik eman diogulako, modu artifizialean. Hori dela eta, astiro, baina behartu egin behar dugu gorputza, berriz ere hormona hori sortzen has dadin.
Gaurtik aurrera, batez beste egunean 5 mg prednisona hartuko dut, hots, oso kopuru txikia. Hori dela eta, dagoeneko kendu zait talo aurpegia, eta gorputza bere onera etorri zait, bertako koipeak eta gantzak bere lekura itzultzen ari direlako.
Talo aurpegirik ez
Hala ere, prednisonak utzi dit ondorio bat, nahi gabekoa: azazkalak oso siku dauzkat, batzuk pitzatuta, eta bitan tolesturak sortu zaizkit. Oraingoz horrek ez dit arazo berezirik eragin, eta esperantza dut prednisona erabat kendutakoan azazkalak bere onera etorriko zaizkidala.
Ondo hasi duzu urtea, Joxe, baina hobeto amaituko duzu. Segi borroka horretan, beti aurrerantz, ederto ari zara eta. Animo eta jaso gure besarkadarik beroena.