Gaur goizean sekula egin ez dudana egin behar izan dut: zabor ontzira joan, eta zaborra miatzen hasi, denen bistan. Asko nuen jokoan.
Goizean Lagun Arora joatekoa nintzen, Arrasatera, hainbat mediku txosten eramatera, nire gaixotasunari buruzkoak, Lagun Aroko medikuak horrela eskatuta. Joan den ostegunetik nituen fotokopiak prest, orijinalekin batera, aldizkari baten barruan. Gaur, berriz, hasi naizenean aldizkariaren bila, berau aurkitu ez. Konturatu barik, zaborretara bota genuen, Gabon gauerako afaria prestatzen hasi ginenean.
Anoraka eta txanoa jantzi, eta kalera irten naiz, aldizkaria eta mediku txostenak berreskuratzeko asmoz. Zorionez, artean zaborrak jaso barik zeuden. Beraz, izan nezakeen aukeraren bat.
Zabor ontzi urdina ireki, eta hasi naiz egunkariak eta kartoiak ateratzen. Halako batean, guk botatako hainbat aldizkari atera ditut, baina ez Nabarra, hantxe bainituen txostenak. Segi paperak ateratzen, jendea albotik pasatzen zen bitartean. Une batez, lotsa nolabait gainditu behar-eta, gogoratu naiz CSI telesailean ere noiz edo behin ikusi izan ditudala Las Vegasko detektibeak zaborrak miatzen, baina haiek okerrago, zabor organikoetan ibiltzen baitira.
Lotsa irentsi
Zortzi bat minutu baneraman miaka, etsitzen hasita, zirrikitu batean eskua sartu, eta aldizkaria atera dudanean, barruan txostenak zituela, txukun-txukun. Lasaitu ederra hartu dut orduan. Ateratako paperak berriro bere lekuan ipini, eta etxera joan naiz, kriskitinak baino alaiago, aldizkaria eta txostenak eskuan neramatzala.
Zortea izan dut, zalantzarik gabe:
Zorte ona
- Bota banitu zaborrak lur azpiko zabor ontzian, beste batzuetan egiten dudan bezala, ezin izango nuen ezer miatu.
- Ni joan aurretik pasatu izan balitz kamioia, zaborrak biltzekoa, ezin ezer jaso.
- Euria egin izan balu, seguruenik txostenak hondatuta egongo lirateke, ontzia irekita zegoen-eta.