Amaia eta Andoni

Atzo goizean Galdakaoko Ospitalean izan nintzen TAC eskaner bat egiten. Txanda iritsi zitzaidanean, erizain gazte batek hartu ninduen, euskaraz. Galderak egin eta egin ari zen, ea honi edo hari alergiarik nion, eta, halako batean, esaten dit: “gainera, zu ezagutzen zaitut. Bai, zure liburua irakurri dut, eta oso ondo dago”.

Etzan nintzenean eskanerrean, orratz bat sartu behar zidan eskuin besoan, gero handik kontrastea sartzeko, likido berezi bat. “Jo. Nerbiosa nago, jakin dudanetik zu zatozela. Ea asmatzen dudan orratza sartzen”. Nik, lasai egoteko, ez zegoela ezeren beldurrik. Eta halaxe izan. Amaiak egin beharreko guztiak azaldu zizkidan, ni lasai egon nendin.

Bakarrik geratu nintzenean, ordea, gorputza eskanerraren barruan, gogoa Bertsolari Txapelketa Nagusiko Finalera joan zitzaidan. Errepaso moduko bat egin nion telebistaz ikusitakoari, eta oroitu nintzen “Andoni Egañaren saioaz,”:http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00172.htm bereziki behiak jezteko aulkiaz. Eta pentsatu nuen Andoni fenomeno bat dela, jantzia, iradokitzailea, umoretsua, eta inork baino hobeto josten dituela bertsoak.

Bertsolariak gogoan

Maialen Lujanbio, berriz, triste sumatu nuen, Jon Maia bezala, beharbada uste baino beherago geratu zirelako. Eta pena eman zidan. Baina orduan berotasun handi bat sentitu nuen gorputzean zabaltzen, eta apur bat estutu egin nintzen. Kontrastea zen, Amaiak aurrez esan bezala, nire zanetan zabaltzen. Eta arnasa hartu behar nuen, eta eutsi minutu batez-edo, eskanerraren sabeletik zarata sarkor bat irteten zen bitartean. Eskuak atzean neuzkan, besoak luze, San Sebastian irudi, baina gezi barik.

Amaia berriz agertu zenean, apur bat zorabiatuta nengoen, eta ondoez puntu batekin. Ea ondo nengoen, eta baietz, nik. Alde egin aurretik, musu bi eman nizkion, esker onez. Hamabost egun barru-edo jakingo dugu eskanerraren emaitza.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude