Arratsalde bat Durangon

Abenduaren 8an Durangon izan nintzen, Euskal Liburu eta Disko Azokan, liburuak sinatzen, Elkar argitaletxearen txoznan. Mirenekin izan nintzen, alabarekin, eta sinatu, liburu gutxi sinatu nituen, sei, baina, hori bai, jende ugarirekin egin nuen topo.

Iritsi bezain laster, Txantxon Zubeldia agurtu nuen. Baita Manuel Arregi ere. Txikitan elkarrekin ikasiak gara hirurak, eta, aspaldi elkar ikusi gabe egon arren ere, erraz lotu genion elkarrizketari. Txelu Angoitia agertu zen orduan, azokako argazkilari ofiziala. Lehendabizi Unai Elorriagari egin zion argazkia, eta gero nigana etorri zen. Nola ez genuen kartel handirik liburuaren azalarekin, hantxe bertan otu zitzaion liburuaren azala aprobetxatea argazki berezi bat egiteko, hemen erakusten dudana. Argia da Txelu, eta argazkilari aparta, hemen ikus dezakezuen bezala.
Pozik aurkitu nuen Kimetz Zenitagoia Lor taldeko bateria jolea. Bezperan kontzertua eman zuten Plateruenan, kafe antzokia jendez lepo zegoela, eta disko mordoa saldu zutelako. Josu Azpillaga ere han ikusi genuen, konpainia onean, eta beti bezain sinpatiko.

Arratsalde erdian-edo, Patxi Trapero agertu zen, hiru seme-alabekin. Gogoz eman nion bostekoa, aspaldi nuen-eta gogoa ezagutzeko gure arteko blogaririk originalena. Gozoa da Patxi, eta gozoa izan zen gure arteko elkarrizketa. Mikel Irizar eta Fatima Aranzabal ere hurbildu ziren gurera, Allan Griffin eta Txitxi Irizarrekin batera.

Koldo Zuazo ere agertu zen, anteoju barik, eta ia ez nuen ezagutu. Eta bukaera aldera, “Iñaki Lasagabaster”:http://www.criticadelibros.org/I%F1aki-Lasagabaster-Herrarte eta Esti Gandariasbeitia etorri ziren, horiek ere aspaldiko lagunak. Eta, betiko moduan, barre batzuk egin genituen.

Gu han izan ginen bitartean, Unai Elorriagaren liburua, Vredaman, saldu zen gehien. Eta haren atzetik, Bekatuak, Ana Urkizarena, zeina, batez ere, neska gazteek erosten baitzuten. Mendaroko txokolatea ere polito saldu zen, “Iñaki Irasizabalena.”:http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00599.htm Noski, Elkarren mahai pare batez hitz egiten ari naiz, ez azoka osoaz. Bide batez, eskerri asko Eduri eta Oihanari, egin ziguten harrera beroagatik.

Libururik salduenak

Azoka utzi eta San Agustin kultur gunera joan ginen, Gotzon Garate irakasle ohiaren omenaldira. Hango kronika hementxe duzue polito. Hunkigarria izan zen, eta apur bat *passé*, nire gusturako. Arrese Beitiaren poemarik negartienak kantatu ziren, non euskara ama hiltzen ari den… Hori, adibidez, ez zitzaidan gustatu.

Omenaldia Gotzon Garateri

Jende asko bertaratu zen Gotzoni zorionak ematera, eta hantxe agurtu genituen Gotzon bera, Alberto Arrasate, Rikardo Badiola, Jon Irazabal eta Nerea Mujika, Gerediaga elkarteko lehendakaria.

Irteteko orduan, baina, Itziar Irazabal agurtu genuen. Afrikatik etorri berria zen, Txadetik hain zuzen, eta, esan zigunez, hura beste kontu bat da: “Hego Amerika haren ondoan, Suitza da”. Hitz adierazgarriak, egunari amaiera emateko.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude