Bloglines eta euskaldunak

Euskaldunok asko erabiltzen dugu Bloglines blog biltzailea. Estatu espainiarrean geuk erabiliko dugu gehien. Hala ere, harritzekoa da zein gutxi darabilgun harpidetza publikoa zerbitzu horretan. Zergatik ote?

Comparablogs webguneak emango digu hori aztertzeko parada. Aukeratuz gero 100 eta 250 harpidedun dituzten blogen artean, alderatu egingo ditugu Sustatu eta Telendro adibidez. Sustatuk 155 harpidedun ditu Bloglines-en. Telendrok, berriz, 141. Hala ere, Sustatuk 33 harpidedun ditu soilik perfil publikoa dutenak, Telendrok baino dezente gutxiago. Badakizue harpidedun batek aukeratzen badu perfil publikoa izatea, edonork ikus dezakeela harpidedun horrek zer irakurtzen duen.

Compareblogs horretan saltseatzen ibilita, ondorio hauek atera ditut euskaldunok zenbat, nola eta zergatik erabiltzen dugun Bloglines.

Ondorioak

  1. Euskaldunok dezente gehiago erabiltzen dugu Bloglines geure gustuko blogak irakurtzeko, espainiar estatuko beste askok baino. Xabier Mendiguren Elizegik (63), adibidez, Eduardo Haro Tecglen kazetari famatuak (58) baino harpidedun gehiago ditu.
  2. Hori CodeSyntax enpresaren meritua da, sekulako lana egin baitu Bloglines-en berri ona zabaltzen euskaldunon artean.
  3. Euskaldunok beste batzuek baino gogokoagoa dugu perfil pribatua, seguruenik ezkutatzeko zer irakurtzen dugun. Joera horrek, ordea, exajeratua dirudi, blog euskaldun guztietan errepikatzen baita.

    Hasieran, Bloglinesen harpidetza egin nuenean, neuk ere erabili nuen perfil pribatua. Baina Luistxo Fernandezek eta bere lagunek erakutsi zidaten hobe zela plaza publikoan jokatzea, aberatsagoa baita irakurketak partekatzea.

Perfil irekiaren alde

Bide horretatik, etekin handia atera diot perfil publikoari, adibidez, del.icio.us eta Bloglines uztartuta, edo harpidetza eginez nire lagunen harpidetzetan. Lerro hauen bidez gonbita egin nahi dizuet perfil pribatuan ari zareten Bloglines zaleei, publikora pasa zaitezten, lotsa eta beldurrak alde batera utzita.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

9 erantzun Bloglines eta euskaldunak-ri

  1. egilea: Gari

    Ziurrenez kasu askotan ezjakintasunak egiten du jendeak perfila ezkututa erabiltzea.

    Baina bestalde, ez dago zertan dena publiko edo dena pribatu egin beharrik. Karpeta bakoitza publiko edo pribatu egin nahi dugun aukeratu daiteke, eta benetan pribatuak direnak ezkutatu. Besteak publiko egin eta listo.

  2. egilea: eneko

    Eskerrik asko dagokigunagatik, Joxe.

    Bai, nik uste rss irakurgailuak, bloglines (http://www.bloglines.com ) batez ere, proportzioan, polito erabiltzen direla euskaldunen artean. Eta zabaltzen doala esango nuke, Sustatuk dituen harpidedunak (157 jada) edo estatu espainoleko blogen artean 39 postuan dagoela ikustea baino ez dago.

    Sustatun bertan eta beste toki batzuetan gaiaren garrantziaren inguruan egin diren artikuluek zerikusia handia dutela esango nuke. Baina ez hainbeste, ea medio, erakunde, enpresa, ikastetxe, zentro teknologiko, … gehiago animatzen den albistegietan RSS-ak ezartzen!

    Garik aipatzen duen ezjakintasunaren arrazoia ukatu gabe, komunitate txikia gara, gehienetan rss jario bidaltzaileak blog pertsonalak dira, bata bestea ezagutzea erraza da, eta nik uste agian horrek eragiten duela gure artean pribatasun maila handiagoa erabiltzera.

    Hala ere, ez hainbesterainoko. Ez da zientifikoa, bost minututan begiratutakoa da, baina nik jarraitzen ditudan Rss-en artean lagin txiki bat hartu dut eta hau ikusi dut: gutxi-gora behera, blog euskaldunen harpidetza publikoa %20ren inguruan dabil, gaztelerazkoetan %30aren inguruan, frantzesetan %25aren inguruan, ingelesetan %32-33%ren inguruan.

    Beraz, portzentaia txikiagoa da bai, igotzea komeni, baina ez gara hain-hain arraroak. Eskerrak! 🙂

  3. egilea: Michel

    Euskaldun ugari munduan 😉

    Konparaketa euskarazko eta gaztelerazko bi weblogen harpidedunen artean egin duzu (biak euskal herritik).

    Sustatu urte dexente ditu, eta beharbada hori ere izan daiteke publiko-pribatuaren arrazoietariko bat. Seguraski orain jende gehiagok egiten du publiko bere perfila…
    Begiratzen badugu, Sustatuko perfil publiko gehienak aurtengoak dira.

    Weblogger asko publiko egiten dute perfila beste webloggerrei irakurtzen dituztela “esateko”. Beharbada sustatuko harpidedunen artean weblogger gutxiago dago.

    “Estatu espainiarrean geuk erabiliko dugu gehien.”
    Ez dakit nondik ondorioztatzen duzun hori…
    Sustatu da euskarazko weblog ezagunena eta bloglines harpidedun gutxi dituela iruditzen zait.

    Kendu erabiltzen ez diren kontuak, kendu sustatuko editoreak, kendu eibarko informatikalariak… eta zenbat gara harpidedunak?

  4. egilea: newton

    Ba nik ere Bloglines erabiltzen dut, horrela internetera konexioa duen edozein ordenagailutan ikus zitzazket nire RSS.
    Eta nik ere publikoa daukat, lagunek nahiz beste blogariek ikus ditzazten zein RSS ditudan; horrela nik milaka RSS interesgarri aurkitu izan ditut eta ;D

  5. egilea: Luistxo

    Ba, niri eskerrak izango zen publiko bihurtu zenuela Bloglineseko profila, Joxe, baina egia aitortu behar badut, ezkutuan eta gordean nago udaberritik hona…

    Garik dio gorago karpeta bakoitzarekin erabaki daitekeela pribatu ala publiko egin, baina egia esan, ez dakit nola.

  6. egilea: Michel

    “Garik dio gorago karpeta bakoitzarekin erabaki daitekeela pribatu ala publiko egin, baina egia esan, ez dakit nola.”

    Uste det ezin dela hori egin. Egin daitekeena da zure webloggeko blogrollean zure kontuko karpeta zeatz pat ipintzea. Baina hori bai, lehenago harpidetza osoa publiko egin beharra dago.

  7. Luistxo, Michel: oker ez banaiz, karpetak ez baizik harpidetza bakoitza egin daiteke publiko edo pribatu. Harpidetza egitean aukera hori dago, by default “publiko” aukeratzen duena.
    Gero ere, harpidetza bakoitzaren buruan, “harpidetza editatu” aukeratuz gero, publiko/pribatu aukera edozein momentutan alda daiteke.

  8. egilea: Michel

    Nere iritziz weblog euskaldunetako harpidedunak “berberak” dira/gara. Fijatzen bazara harpidedun publikoetan, zeurea eta beste euskal webloggenak konparatzen baditugu ikusiko dugu izenak errepikatzen direla. 20-30 euskaldun dira publiko egiten dutena euren profila. Berdin du sustaturi begiratzen badiogu edo zeure weblogaren harpidedunei.

    Neure weblogean askotan, gaur ere, hitzegin dut RSS-aren globoari buruz. Esaten dena baino askoz ere erabiltzaile/ezagutzaile gutxiago ditu. Euskal weblogak sindikatzen dituen jendea ez da 200 pertsonetatik pasatzen (asko jota).

    Idazleen arteko konparaketa ez da oso zientifikoa, ez 🙂 . Ni ez naiz ezaguna eta hiru aldiz harpidedun gehiago ditut. Mendigurenen kasuan gertatzen da euskaldun sindikatzaile guztiak dutela bere feeda sindakatua. Hain talde txikian horrelakoak gertatzen dira. Bihar Aimar Olaizolak webloga ireki eta 60 sindikatu izango lituzke, 20 publikoak .

  9. egilea: eneko

    ba bai, Michelek arrazoia du: “sindikatzaile” kopurua txikia da.

    Baina berdin pasatzen da blog espainolekin: sindikatzen dituen jendea 3000 edo 4000 pertsonen inguruan ibiliko da, nik uste.

    Compareblogs-en ikusi daiteke. Hartu harpidedun gehien dituzten edozein bi blog (2000 harpidetza) eta blogen harpidetza publikoak konpartituak asko direla ikusiko duzue, %80a edo.

    Hau da, jende berdina da blog nagusietan harpidetuta dagoena. Hau da, weblog espainol nagusietatako harpidedunak “berberak” dira/gara . Long Talen igual aldatzen dira gauzak 😉

    Baina, arrazoia du Joxek, 200 sindikatzaile 600.000 euskaldunen artean askoz portzentaia handiago da 3000 sindikatzaile izatea 300.000.000 espainol eledunen artean baino. Euskaldunen kasuan 3,3/10.000 eta espainoletan 0,1/10.000. Hogeitamar aldiz gehiago!

    Harpidedun gehiago ditut nik espainolez euskaraz baino, eta gutxiago posteatzen dut espainolez.

    Bestalde, harpidetzak gora egingo dute, seguru, jende gehiagok erabiliko ditu, horrek indarra ematen dizkie eta ez ahaztu RSS-ek, agregatzaile baten bidez zuzenean albisteak irakurtzeaz aparte, beste aukera asko ematen dituztela: Jamaika ikusteko jaio gara , eta hortik zehar mila aplikazio aurki dezakegu 😉

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude