8.515

Larunbatean 8.515 kilo mahats jaso zituzten Mikelek eta Fatimak Esteñibarren, Elorrion, iazko kopurua halako bi. Eta mahatsa bera, inoiz baino osasuntsuagoa. Biltzea amaituta, euria eta jaia hasi ziren, baita niretzat ere, nahiz eta etxean geratua nintzen, beherakoa osatzen.

Gogorra da mahastizainaren bizimodua iraila ezkero. Ordura arteko lan guztiak txukun-txukun eginda izan arren, orduan hasten dira zalantzak, euriarekin eta eguraldi hezearekin batera. Mikelek oso ondo azaldu du hori guztia bere azken mezuan, Piperrautsean. Hurbilekook ere horrela bizi izan ditugu azken asteak, beti zeruari begira, ea ona ala kaltegarria izango ote zen mahatsarentzat.

Larunbatean etxean geratu nintzen, bezperatik ohean nengoen-eta, beherakoak jota. Pena hartu nuen, mahats bilketa urteko egunik politenetakoa izaten baita, baina lasai aldi berean, eguna ateri hasi zelako. Guretik Bego eta Miren joan ziren laguntzera, ordezkaritza ezin hobea.

Egunean zehar hainbat dei izan nituen: lana oso ondo zihoala, Miren txapeldunen pare ari zela, 8.515 kilo jaso zituztela… Eta ni pozik etxean. Batez ere dena bukatutakoan. Handik gutxira hasi zen euria, baina ordurako berdin zion, festa ere postrearekin batera hasi baitzen. Lana eginda zegoen, eta urtea salbatuta. Zorionak bikote!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

2 erantzun 8.515-ri

  1. egilea: ainhoa

    Kaixo,

    zuen liburua irakurri dut eta eskerrak eman nahi dizkizuet, zareten bezala izateagatik, benetan!!

    hainbat senidek izan dute minbizia, batzuk bizirik daude besteak ez, baina orain askoz ere gehiago dakit eta noizbaiten etortzen bazait, zuei esker ez dut horrenbesteko beldurrik pasako,

    mila esker

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    Pozten naiz, Ainhoa, liburuak lagundu badizu. Orain badakit merezi izan duela idaztea. Guretzat hori da saririk onena. Besarkada bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude