Bizikleta

Hiru urte badira bizikleta errepidean erabili ez dudanetik, gaixotu nintzenetik bai. Atzo, ordea, berriz probatu nuen, aldapan behera, eta gaua nagusitzen ari zitzaiola egunari. Eskerrak Bego eta Miren nire atzean zetozela berebilean, argia ematen.

Lasterka hasi, eta min hartu. Horixe gertatzen ari zait behin eta berriro Elorrioko futbol zelaira joan eta entrenatzen hasten naizenean, nahiz eta lasterkaldiak tartekatzen ditudan ibilaldiekin. Ezker hanka ahul daukat, eta argi dago berau indartzeko ez dela nahikoa izango lasterkaldiak eta ibilaldiak uztartzea. Bizikletaldiak ere tartean sartuko ditut. Horregatik eraman nuen txirrindua dendara, presta ziezadaten berriz errepidean ibiltzeko.

Bizikleta horrek 20 urte ditu, izan ere, 1085ean Begok eta biok bizikleta bana erosi genuen Ottawan, Peccos dendan. Prezio onean erosi genituen, eta Guy lagunak esan zigunez, hori zen piezak Japoniatik eramaten zirelako, gero Ottawan denak muntatu eta saltzeko. Etxeratu ginenean, gurekin ekarri genituen.

Japoniatik Euskal Herrira, Kanadatik zehar

Makinatxo kilometro egin ditugu inguru hauetan bizikleta horiekin. Lasterketako bizikletak dira, baina hemengoak baino astunagoak. Guri, baina, horrek ez digu axolarik.

Dendatik Esteñibarrera eraman genuen bizikleta, eta hantxe garbitu, gainean hiru urteko kraka baitzeukan trastoak. Konturatu orduko, baina, iluntzen hasia zen. Afari pasada eginda, Mikelek jaka potolo samarra utzi zidan, gaueko hotzetik babesteko, aldapan behera dezente igartzen da-eta haizearen eragina.

Ume baten antzo

Ni aurretik abiatu nintzen, eta Bego eta Miren atzetik, argia ematen berebiletik. Eskerrak horrela egin genuela, bestela, zenbait lekutan piperrik ere ez nuen ikusten, arbola artean ilun-ilun. Lipar batez, iruditu zitzaidan hamabost urte nituela. Aurpegian, haize hotza, bihotzean emozioa, eta barrenean, oihu egiteko gogo bizia. Mirenek antzeko zerbait sentitu, antza, bera hasi hasi baitzen oihuka nire atzetik: “aupa, aita, txapelduna!”, esaten zidan burua leihotik aterata. Orduan barre egin nuen, zoriontsu, ezkerreko eskua manillerrean tinko, eta eskuinekoa frenoan.

Ia pedalei eragin barik iritsi nintzen errepide nagusira, dena aldapan behera. Handik garajera, berriz, ziztu batean. Iritsi ginenean, Bego barrezka ari zen, eta Miren zer esanik ez. Ez dut uste erraz ahaztuko duenik jaitsiera hori, Nik ere ez.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

2 erantzun Bizikleta-ri

  1. egilea: Nahikari

    Aupa Joxe, hori duk eta!

    Nik ere orain dela gutxi bizikleta konpondu dut. Peugeot markako mountain bike bat daukat. Kubierta berriak jarri, sillin erosoagoa jarri, alforja batzuk jarri (lanera joateko, liburuak eta sartzeko) eta primeran!

    Nik bizikleta orain dela 7 bat urte ez nuela hartzen, hankan daukadan lesioagatik. Orain suabe suabe nabil eta ederto! Nire aitak esaten duen bezala Erromoko Marino naiz! Jeje!

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    Aupa, Nahikari! Ikusten dut zuk ondo hornitu duzula zure bizikleta, liburuak-eta sartzeko moduan. Nirea biluziago doa, ezin dut-eta pentsatu ere egin bizikletan joan naitekeela lanera, Eskoriatzara. Hala ere, egun hauetan egiten ari naiz kilometro batzuk bizikletan. Eta pozik. Besarkada bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude