Atzo egun berezia izan zen guretzat: hamar egun etxetik kanpo eginda, Miren alaba jasotzera joan ginen Bolibarrera. Mirenek Ziortzabeitia aterpetxean igaro ditu hamar egun, Ziortzako monasterioaren ondoan, Bizkaian, musika udaleku batean, eta hor biolina lantzen izan da beste berrogei neska-mutikorekin batera, denak Hego Euskal Herrikoak.
Elorriotik bera joan zen bakarrik, beste lagunik barik, eta, horregatik, gogorra egin zitzaion hasieran egonaldia. Hala ere, ederto gainditu zuen hasierako etxemina, eta pozik itzuli da, harro egindako lanarekin. Lagun asko egin ditu, asko ikasi du biolinarekin, baita taldean jotzen ere, eta irakasle zoragarriak izan ditu.
Atzo, egonaldia amaitzeko, kontzertu bat eskaini ziguten Bolibarko elizan, jendez beteta (gurasoak eta lagunak denak), eta txalo zaparrada handia jaso zuten denon partetik. Eurak pozik, eta gu are eta pozikago.