- Luistxo Fernandezen blogean irakurri nuen nola Joan Mari Irigoien idazle finak adierazpen batzuk egin zituen DV egunkarian, eta hor ondorengo hau esaten zuen:
- Lo mío es escribir, pero tenemos grandes enemigos como Internet o las nuevas tecnologías, que sin duda, afectan a nuestro campo. Pero seguiré ahí, escribiendo a diario.
Niri dagokidanez, esango nuke ezetz: Interneti esker, inoiz baino gehiago ari naiz idazten, bai laneko kontuetan, eta baita lanetik aparte ere.
Adibidez, artikulu hori irakurri nuen egunean, uztailaren 7an, lanean nengoela 22 mezu elektroniko idatzi nituen. Egun hartan, bestalde, beste bi artikulu idatzi nituen: bata blog honetan ateratzeko, eta bestea Gizakom blogean kaleratzeko.
Haratago joanez gero, ezin dut ahaztu liburu bat ere idatzi dudala, Medikuak esan dit minbizia dudala, baina hori papereratu aurretik Sustatun idatzi nuela goitik behera, hau da, Interneten.
Ez dakit Joan Mari Irigoienek nondik atera duen Internet eta teknologia berriak direla idazkuntzaren etsai. Gehiago iruditzen zait aurreiritzi bat, zerbait objektibo baino.
Eta jarrai idazten, besteok gustura irakurtzen dugu eta!
Eskerrik asko, Unai! Horrelako irakurleekin erraza da aurrera egitea. Besarkada bat.