Zenbait gomendio MCCri

Beharbada MCC taldeko inor ez da konturatu, baina joan den osteguneko artikulua dela eta, irakurleek hainbat gomendio utzi dituzte erantzunetan, MCCk kanpaina eraginkorragoa egin dezan erasotzen dutenen kontra. Irakurleen artean iritzirik zabalduena izan da ideia ona dela kontraerasotzea, baina berandu etorri dela, eta gaizki eginda. Adibidez, PDF horrek ez dauka MCCren logorik, esan liteke anonimo baten lana dela. Horrekin batera, PDFa bera ez da ikusten biderik egokiena horrelako kanpaina bat antolatzeko.

Baina dena ez da kritika izan. Horiekin batera, irakurleek hainbat gomendio egin dituzte. Nik hemen horiek jaso, bizpahiru erantsi, eta iruzkinak gehitu ditut, argi gehiago egite aldera. Olandixoko arduradunek—Olandixo izeneko muinoan baitago MCCren egoitza, Arrasaten— ondo egingo lukete gomendio horiek kontuan hartuko balituzte. Hona hemen zenbait:

Gomendioak

  • Irudi korporatiboa. Ondo landu, eta txukun, MCCren logo eta guzti. Bestela, esan liteke PDF hori anonimo batek egin duela.
  • Dokumentua, bilatzaileetan pentsatuta. Ondo antolatu izena, bilatzaileek ondo harrapa dezaten, horrela, boikotaren berri dabilena aurkituko du lehenago MCCren erantzuna, bestelako mezuak baino.
  • Hizkuntzak. Prestatu dokumentu hori beste hizkuntza batzuetan ere: euskaraz, katalanez, galegoz, ingelesez, frantsesez… Ez dauka zentzurik Internetetik datorren erasoari hizkuntza bakarrean erantzutea. Internet Babel moduko bat da, nola den MCCren merkatua.
  • Prentsaurreko bat Madrilen. Garbi utzi botere faktikoei zeintzuk diren MCCren asmoak, gaizkileak harrapatzera doala.
  • Kanpaina bat. Espainiako prentsan, irratian eta telebistan. MCCk milioiak gastatzen ditu publizitatea egiten hedabide askotan. Erabil dezala horrek ematen dion eragina.
  • Iritzi artikuluak. Cataniak artikulua idatzi “El País,”:http://www.elpais.es/ El Correo, ABC, eta beste egunkari batzuetan, kanpainaren zergatiak esplikatzen.
  • Internet. Prestatu estrategia berezi bat Internetetik erantzuteko, eraso horietako gehienak saretik baitatoz. MCCren webgunea ere moldatu eta berritu, ondo bete ditzan bete beharrekoak.
  • Pertsona ezagunen adierazpenak. Ideia ona da pertsona ezagunen adierazpenak jasotzea, baina hori gehiago landu behar da, adierazpen gehiago eta pisuzkoak.
  • Kanpaina laikoagoa. Errespetu guztiarekin, eskertzekoa izango litzateke dokumentu horretan sotana gutxiago agertuko balitz, nahiz eta denok dakigun Mondragoeko kooperatiben sortzailea abadea izan zela. Sotanak eta mitrak ez dute Copeko jendea irabaziko, Espainiako Gozaindegiko irratitik baitatoz erasorik gogorrenak askotan.
  • Auzipetuak plazara. MCCk jakinarazi beharko luke zer pertsona edo erakunde eramango dituen auzitegietara. Euskadi Irratian entzun zitzaion Cristina Lopez kazetariari sekulakoak esaten MCCri buruz Cope irratian. Jendeak jakin beharko luke MCCk Cristina Lopez auzitara eramango duela. Eta berdin beste batzuk ere. Bestela, mehatxuak bakarrik ez du ezertarako balio.
Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude