Aralar

Aralar alderdikoei gogorra egin zaie etxe sartzea Eusko Legebiltzarrean: EAk ukatu egin zien talde parlamentarioa izatea, hirukoak ez zien traturik onartu lehendakaria onartzeko saioan, eta, azkenik, EHAK-k denon begi bistan utzi du Aralarrek, hasiera honetan behintzat, uste baino eragin apalagoa izango duela Eusko Legebiltzarrean, azken batean EHAKren botoek erabaki baitzuten lehendakarigaiaren auzia, eta ez Aralarrenak.

Asko hitz egin da egun hauetan Aralarren kontu honetaz, nola galdu duen eragina parlamentuan. Izan da kargu hartu dionik ere, Sustrai Colinak adibidez, joan den larunbateko zutabean, Berrian:
Batzuk alfer-alferrik daudela konturatu dira. Minduta sumatu ditut. Hitz egiteko ala Kontxan bainatzeko gogorik gabe. Karguak-kargu, zin egitea ez baita beti nahikoa. Fin egin behar da.

Nik, ordea, uste dut Aralarrek izan duela eraginik Eusko Legebiltzarrean, eta oraindik ere izan dezakeela, baina jakinda alderdi handiak saiatuko direla hori ukatzen eta bera indarge uzten. Azken batean, Batasunak Anoetaraino egin badu bidaia, izan da Aralarrek horretara behartu duelako, bazekien-eta mugimendu hori egin ezean, betiko ezker abertzalearen boto asko Aralarrera joan zitezkeela. Eta Eusko Legebiltzarrean ere hasi da beste modu batean jokatzen, pragmatikoagoan, atzean Aralar duelako.

Aralarren eragina

Halaber, Joseba Egibarrek euskara hutsean egin zuen bere hitzaldia Gasteizen, besteak beste Aintzane Ezenarrok gauza bera egin zuelako, eta EAJk ez zion utzi nahi Aralarri horren esklusiba. Eta gero, halaxe dira gauzak, Radio Euskadik behin eta berriro esan zuen Joseba Egibar izan zela bakarra bere hitzaldia euskara hutsean egiten. Horrela gertatu zen, eta Joseba Egibarrek horrela gerta zedin egin zuen.

Baina Aralarrek jakin behar du hori, eta, ondorioz, horren arabera jokatu. Izan ere, hitz polit asko jaso ditu sortu zenetik (baita bestelakoak ere, kalean batez ere), baina legebiltzarrean inork ez dio ezer oparituko.

Aurkari gogorrak

  • EAk garbi utzi du ez duela lehiakide gehiagorik nahi, eta ukatu egin dio talde parlamentarioa izatea.
  • Ezker Batuarentzat ere Aralar bidelagun deserosoa izan daiteke, zenbait aldarrikapenetan oso antzera jokatzen dute-eta. Eta hori alderdi txiki batentzat arriskutsua izan daiteke.
  • EAJk errespetatuko du Aralar, haren botoa nahi duen neurrian. Osterantzean, utzi egingo die besteei “lan zikina” egiten, talde parlamentarioen auzian gertatu zen bezala.
  • Batasuna, ordea, izango du aurkaririk gogorrena, biak, Aralar eta Batasuna, pastel bera ari baitira jokatzen. Oraingoan, EHAK-k jokoz kanpo utzi du Aralar, eta denen begi bistan utzi, “ez duela eraginik”, zenbaitek esan duten moduan. Aurrerantzean ere, pauso guztietan aintzat hartuko du zelan indargabetu Aralar, eta hori ere logikoa da, alderdiek gorde behar izaten dute-eta beren esparrua.

Horregatik, papeleta zaila du Aralarrek, asmatu behar baitu oreka bilatzen bere printzipioen eta pragmatismoaren artean. Izan ere, askotan agertzen bada jokoz kanpo, botoemailea hasiko da pentsatzen zertarako balio duen Aralarren botoa.

Greg Lemond txirrindulariak erakutsi zigun posible dela Frantziako Tourra talde barik irabaztea. Baina horretarako jakin egin behar lasterketa irakurtzen, norberaren indarrak neurtzen, eta besteen ahuleziak baliatzen. Edo Aulestiako jendeak esango lukeen moduan, asmoz eta jakitez jokatzen, alegia, burua erabilita.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

5 erantzun Aralar-ri

  1. egilea: Xabi Garai

    Berrian Irakurri dut eta osatu dezake Aranzabalek esandakoa:

    “Ibarretxeri emandako bi botoak

    Juan Jose Ibarretxe lehendakari aukeratu zuten atzo goizean EHAKren bi botori esker. Nekane Erauskinen arabera bi boto horiek ez omen dira Ibarretxeren eta gerora sortuko den Gobernu Taldearen aldekoak, baizik eta bakegintzaren bidean indarrak biltzeko. EHAK-k zentzu horretan eman dizkio bi botoak Ibarretxeri, baina argi dagoena da EAJ-EA-EB-ren programari eman zaiola babesa, hau da, politika neoliberalari, kapitalismoari, AHT-ri, Pasaiako Superportuari, sektore publikoaren pribatizazioari…, baietza eman zaiola.

    Gauza bat da bakegintza eta beste bat gobernagarritasuna edo eguneroko arazoen konponbideak aurkitzea. Uste badugu bi boto horiekin EAJren estrategia aldatuko dela bakegintzari edo herrigintzari dagokionez, edo EAJren historia ez dugu ezagutzen edo inozoak bezala jokatzen ari gara. EAJk ez du inolako konpromiso zehatzik hartu ezertan (presoak, Alderdien Legea, euskara…), eta, hala ere, gure botoei esker lehendakari da. Hau dezepzioa!Aralarrek behintzat koherenteki jokatu du, eta boto zuria eman du. Tristuraz.

    Iñaki Sarasola

  2. egilea: Txaber

    Ni egunero harritzen naiz, gehienetan arrazoi desberdinak medio. Gaurkoan, nire harriduraren jatorria gauza batzuk idazterakoan izan daitekeen arinkeria eta arduragabekeria maila da. Izan ere, lasai idatz daiteke Joseba Egibarrek euskaraz soilik hitz egin izana Aralarren eragina dela, edo hurrunago joanda, EZLNren baitan ematen ari den prozesua Txillardegik bultzatu duela, edo Adan eta Eva Patxi Zabaleta eta Aintzane Ezenarro direla. Azken finean, guzti hori sinesgaitz bezain intraszendentea da. (eta ez hartu txarto txorrada pare hori, ez da erridikulizatzeko nahia, umore -merke- puntu bat jarri nahian idatzi dut)

    Baina beste kontu bat da esatea Anoetako proposamena, eta oro har, Ezker Abertzalearen (Ezker Abertzale ofizialaren, nahi baduzue, ez baita nire helburua inori nahi duen bezala autoizendatzeko eskubidea ukatzea) norabide berria Aralarrek ken diezazkiokeen botoei begirako taktika bat dela. Hori akusazio serio bat da, akusazio serio eta fundamentugabea, birritan pentsatu gabe idaztea komeni ez dena.

    Bestalde, besteen jarrera eta joera politikoak deskalifikatzeak ez ditu norbereak justifikatzen, eta honek denentzat balio du: ofizialentzat, disidenteentzat, autonomistentzat, Pilarfiloentzat… Baina horrez gain, Ezker Abertzalearen ildoari egindako salaketak, inoren jarrera goratu ez, eta gainera zabal daitekeen bake prozesua oztopatu egin dezake. Gogoeta sakon baten ondoren -benetan pentsatzen duzulako- idatzi ote duzun galdetzen diot nire buruari.

  3. egilea: Joxe Aranzabal

    Aupa, Txaber! Ez ditut goiko lerroak idatzi inor akusatzeko, eta ezta deskalifikatzeko ere. Sentitzen dut bestela ulertu badituzu, izan liteke-eta gaizki adierazi dudala nire burua.

    Goiko lerroak idatzi ditut hausnarketa egiteko non dagoen Aralar, eta zergatik gertatzen zaion gertatzen zaiona. Aralar ez baitago bakarrik Eusko Legebiltzarrean, beste alderdi batzuk inguratuta baizik. Eta alderdi horiek eragina dute Aralarren egoeran, nola Aralarrek eragina baitu beraiengan.

    Nik ikusten dudan moduan, Aralar ez da aingeru koadrila bat, eta gainerako alderdiak ere ez. Baina bai da txikiena, iritsi berria, eta esperientzia gabea Gasteizen. Ondorioz, ikasi egin beharko du mugitzen, lehia gogor eta logiko baten erdian murgilduta dabilen bitartean.

  4. egilea: Aitor, Gasteiztik

    Egiari zor, esan beharko genuke gutxienez, Aralarrek sortze momentutik defendatu duen egoerara hurbildu dela Batasuna. Edo hori ere arinkeria da?

  5. egilea: unai

    EHAKk egin zuena (Ibarretxeri bozka eman) Aralarrek egin izan balu… ai ene!!

    Traidoreak! PNVk erosi dituela! Zabaleta=EE…

    Horrelako entzungo genituen. Aralarrek, zorionez, koherenteki jokatu du. Hurrengoan Ertzaintzaren komisaldegi batetan tratu txarrak gertatzen direnean badakigu zein izan den laguntzailea: EHAK.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude