Lourdes Arkotxa hil zaigu gaur goizean, minbiziak jota. Bera zen Musikaire elkarteko lehendakaria, eta joan egin zaigu gu konturatu orduko. Oraindik ahoa ireki ezinik nabil, harrituta, zein bizkor joan den dena.
Orain hilabete eta erdi, asko jota, Lourdesi tumor bat aurkitu zioten urdail partean, eta, badaezpada, ebakuntza egitea erabaki zuten, ikusteko nolakoa zen. Antza denez, hantura gaiztoa zen, eta gorpuz osoan zuen hedatua.
Lourdesek Arrasateko Udalean egiten zuen lan, informatikari, musika zalea zen oso, eta horregatik sartu zen Musikaire elkartean buru-belarri, eta baita Arrasate Musikalen ere. Mendizalea ere bazen, eta horregatik egiten zait gogorragoa haren heriotza, ebakuntza egitera joan zenean, oso itxura ona baitzuen.
Eskerrik asko guztiagatik, Lourdes, opari ederra izan da zu ezagutu izana. Zuri, berriz, Joseba, besarkada bero bat. Eutsi goiari!
Uf! hau albistea!
Hilabete izango da Arrasateko udalera deitu nuela laneko gai bategatik, mezuren bat ere bidali ondoren. Esan zidaten baja hartuta zegoela, baina ez nuen pentsatu gauza serioa zenik.
Nik ere gustora eta konfidantzan deitzen nion, deitu behar nuenean. Besarkada haundi bat familiari.