The Guardian egunkariak zioen: Bi gizonek egin zuten lehen bihotzeko transplantea gizakiengan. Bat aberats eta famatu egin zen; besteak lorezain itxurak egin behar izan ditu. Orain arte. Harri eta zur geratu naiz Hamilton Naki aitzindariaren berri irakurri dudanean, justu hil denean.
Ondo gogoratzen dut Christian Barnard zirujau hego afiikarrak egin zuenean lehen bihotzeko transplantea gizon batekin. Baina orain jakin izan dut bere ondoan izan zuela beste zirujau bat, Hamilton Naki, gizon eskolarik gabea eta pobrea, baina ezinbesteko bihurtu zena ebakuntza historiko hura egiteko. Hala ere, apartheidak ez zion aitortu egindako lana, ez Hego Afrikan, ez eta beste inon ere. Dirua eta ospea gizon zuriarentzat izan ziren.
Naki lorezain moduan hasi zen lanean Groote Schuur ospitalean. Halako batean, Robert Goetz medikuak hautatu zuen laboratorioan laguntzeko. Eta, poliki-poliki, hasi zen laguntzen laboratorio hartan egiten ziren zirugia kontuetan goi mailako aditu bihurtu arte.
Christian Barnard itzuli zenean AEBetatik teknika berriak ekarri zituen, eta prestatu zuen bere taldea lehen bihotz transplantea egiteko gizaki batengan. Nakik zuzendu zuen talde bat, eta haien ardura izan zen emailearen bihotza ateratzea. Ondoan, beste talde bat zegoen, Barnard buru, bihotz hori hartzaileari txertatzeko.
Barnarden ondoan
Egun luze eta historikoa izan zen. Ehunka kazetari elkartu ziren Lurmutur Hirian, mundu guztitik etorriak. Bat-batean, Christian Barnard izar distiratsu bihurtu zen. Aitzitik, inork ez zuen jakin izan Hamilton Nakiren berri. Agertu, agertu omen zen argazki ofizialean, baina lorezain bezala.
Txabola batean bizi zen, 10 seme-alabaren aita, edateko ur barik, argindarrik gabe, lorezain baten pentsio batekin. Eta, hala ere, Hamilton Nakik ez zien gorrotorik bere lana aitortu ez ziotenei. Orain hiru bat urte, jakin zenean zer egin zuen 1967ko egun gogoangarri hartan, orduan ikasi zuten kazetariek bere etxerako bidea. Domina bat ere eman zioten Mandela eta Leklerk politikariek, baina segitzen zuen lorezain pentsioa jasotzen. Oraintsu arte.
Ni ere transplantatua naizen aldetik, nire aitormenik bihozkorrena Hamilton Nakiri, esker onez.