Anne Bancroft aktorea hil da. Bera zen Mrs Robinson The Graduate film gogoangarrian. Gogoangarria musikagatik, Simon eta Garfunkelek egin baitzuten famatu Mrs Robinson abestia, eta gogoangarria gaiagatik, Robinson andre gaiztoak ohera eraman baitzuen Dustin Hoffman graduatu berri inuxentea, berau haren alabarekin zebilela. Artean Peñaflorida Institutuan ari ginen gu ikasten, Donostian, eta baita Seminarioan ere, Burgosko epaiketaren garaian. Frantsez irakasleak gomendatu zigun joatea, baina haren gomendio barik ere berdin-berdin joango ginen gu, puri-purian baitzegoen film hura ikasleon artean.
Geroago beste birritan-edo ikusi izan dut The Graduate, eta horietan beste modu batean ikusi nuen Mrs. Robinson: helduagoa, ironikoagoa, gizatarriagoa maitagarriagoa. 73 urte zituela hil zaigu, minbiziak jota. Heres to you Anne Bancroft, ohorea zuri.
Pena hartzen dut zinemako izar handi horietako bat, klasikoetako bat, hil dela jakiten dudan bakoitzean. Horietako oso gutxi geratzen zaizkigu. Ni ere, lehengo filmak gustukoago dituzten horietako bat naiz, eta lehengo izarrek bazuten xarma berezi bat, glamourra edo… ez dakit. Goian bego Anne Bancroft!
Nik filmea ez dot ikusi baina liburua irakurrita daukat. Asko gustatu zitzaidan, erotismoz eta sofistikazioz betea. Historio bikaina.
Zenbait liburuk, filmek eta diskok belaunaldi osoak markatzen dituzte. Nik uste dut The Graduate horietako bat dela, gu behintzat markatu gintuen-eta.