- Joan den larunbatean, Gara egunkariaren Mugalari gehigarriak erreportaje interesgarri bat zekarren, Urtzi Urrutikoetxeak idatzia, blogak eta literatura gai hartuta. Bertan Xabier Mendiguren Elizegi, Julen Gabiria eta Volgako Batelariak elkarrizketatu zituen Urtzik. **Ibon Egañaren** esaldi batek eman zidan atentzioa:
- Blog pertsonal batzuek badute zerbait streaptease intelektual eta ez hain intelektualetik. Niri obszeno xamarrak iruditzen zaizkit asteburua eta zaletasunak kontatzeko baliatzen diren blog horiek.
Beraz, idazle batek ateratzen badu autobiografia bat, non kontatzen dituen, besteak beste, nola pasatzen dituen asteburuak, eta zer zaletasun dituen, hori literatura da; baina blogari batek gauza bera egiten badu, obszeno samarra da?
Obszenoak iruditzen zaizkio Ibon Egañari Anne Frankek bere egunerokoan idatzitakoak? Ala egunerokoak ez dira obszenoak, baldin eta idazten badira ez publikatzeko baldintzarekin? Eta berdin autobiografiak?
Bere lagunekin elkartzen denean, Ibon Egañak ez du hitz egiten asteburuez eta zaletasunez? Horretaz hitz egitea obszenoa da? Ala hitz egitea ez da obszenoa, baina idaztea bai, batez ere idazten den hori publikatzen bada Interneten?
Guztiz ados zurekin, Joxe.
Batelariak elitistegiak dira, horrelako banalitateei buruz hitz egiteko.
Blogan idazteak asko balio du. Ni asko lasaitzen nau, eta badira egunak non terapia modura hartzen dudan; blogak ezagutu baino lehenago nire kahierrean
idazten nituen gauzak orain aldiz, batzuetan interneteko kahierra pasatzen ditut.
Guztiz ados zurekin Joxe, eta ez post honekin soilik
Diputacion de Gipuzkoa ;D
Bai zea!!!! Gu obszenoak!!!! ja ja ja…. Holan bada neu gustora nau ta hemendik aurrera esagutzen dotenian pertsona berri bat nere izena esangotzat abizen berri batekin: Marijo obszenoa!!!! Hau duk hau!!!
Niri banalitateez asko gustatzen zait hitz egitea.
Idazleen autobiografia eta egunkari batzuk ez dira batere interesanteak idazle handi batek idatzi arren.
Bakoitzak jakingo du zer kontatu nahi dien besteei bizitza pribatuaz.
Ez dut uste inork den-dena kontatzen duenik beti eta mundu osoari, ezta idatzen duenik ere, ezta telebistetan aitorpen godin horiek kontatzen dituztenek ere.
Obszenoak? Tira ba, eztaitz obszenoa izengo nazen edo ez baie nik gustora idazten dot blogean Newton-ek esaten dauelez askotan be terapia moduen erabiltzen dot. Nik ez dot blogean behartute idazten edo, gure dotenien idatzi eitzen dot, bixotzak eskateztenien ez egunero ez hilabetero beharra dekotenien blogean sartun da idatzi eitzen dot…
Blogariok idazten dugu nahi duguna, nahi dugunean, nahi dugunaz eta gainera gu geu gara gure editoreak. Jakina, post batzuk ez dizkiogu pasatzen geure buruari eta ondorioz ez ditugu “argitaratzen”.
Denetariko blogonautak gaude jada euskal blogosferan. Blogari guztiak ez gara idazleak (horixe falta genuen) baina herriko txarangan jotzeko ez da musikari itzela izan behar. Herriko jaietan eta halamoduz kalez-kale txistua jotzen duena ez da horregatik obszenoa.
Agur, Joxe:
Pare bat kontu, honi guztiari buruz, denak neure izenean soilik:
Agian obzenoak ez baina komunikatzaile bakartiak bai. Aspaldi bukatu dira sagardotegiko bertsolarien solasaldi mozkortiak, Belle epoqueko Kafe- tertuliak, eta 60tako tarbernatako gorrien bilkurak,… orain merkeago zaigu blogan idaztea taberna (edo pub esan beharko dut) baten tragutxo batzuk hartzea baino, bukatu dira kaleko giroak, oraikotxean mokoka bat ez badiozu auzokoari ematen agian ez duzu inoiz ezagutuko, Maxcenter-etako giroak ez du lagun urkoari entzuteko aukerarik ematen,…
hau ez da literatura ezta obsezioa gizakien gaitasun bat baizik komunikazioa alegia.
Hortxe egon daiteke koska: blogak beste modu bat eskaintzen digu komunikatzeko, birtuala, askotarikoa eta bat-batekoa. Eta horrrek eragin diezaioke zenbait jenderi zorabioa, horrek eta bloga etortzeak teknologia berri baten eskutik, Internet.
Bestela, blogariok ez dugu beste munduko ezer berezirik egiten, gizakia sortu zenetik ari baita elkarren artean komunikatzen; ahoz, idatziz, musikaren laguntzarekin, eta gorputzaren adierazpena erabilita. Hemen, aldiz, beharbada bakartiago ari gara, baina sare zabalagoan.
Eta ohitura animaliak garenez, errepikatu egiten ditugu blogetan ere, gizartean ditugun azturak: banalitateez hitz egiten dugu, kirolen gainean, politikaz, gaixotasunei buruz, eta literaturaz (badaezpada letra txikiekin idatzi dut azken hori). Ez zait iruditzen blog pertsonaletan geure kontuez idazten dugunok ariketa obszenoa egiten dugunik, ez behintzat liburuetan gauza bera egiten dutenek bainoago.
Eta literatura aipatu dugunez, mugak lausoak diren bitartean nik atsegina bilatuko dut liburuetan, niretzat hori baita, neure ezjakinean, itsumutilik fidagarriena. Eskerrik asko denoi, eztabaida honetan parte hartzeagatik.
aupa, Joxe eta besteok:
Ez naiz ziurrenik egokiena blog-ei buruz iritzia emateko, baina galdetu zidatenez, erantzun egin nuen. Sentitzen dut mindu bazineten nire hitzekin, ez zen eta nire asmoa. “Obszenoak” blog batzuk zirela idatzi nuen, ez blogariak, bestalde. Nik blogen irakurle naizen aldetik esan nituen esandakoak, alegia, lotsagorritu egiten naizela zenbait gauza irakurtzean blogetan. Ziurrenik, arazoa nirea da eta ez blogak idazten dituztenena. Eskubide osoa du, newton-ek egiten duela dioen bezala, bere eguneroko kaiera intimoa interneten jarri nahi duenak hori egiteko; baina, ni neu, beste inoren kaierak irakurtzean, ze nahi duzue esatea, urduritu egiten naiz eta lotsatu. Ni ez nago telebistako talk-showetan jendeak bere bizitza pribatua kontatzearen kontra, baina, normalean, halakoetan kojin batez estaltzen dut burua. Eta antzerako sentsazioa dut zenbait gauza intimo espazio publikoan, blogetan irakurtzean. Sentsazio pertsonal bat da, ez nabil inor zentsuratzeko asmotan (deabruak guarda!).
Anne Frank-en egunkaria aipatzen duzu, eta irakurri gabea dudanez, beste liburu bat aipatuko dizut, nik gogo onez irakurri nuena: Annie Ernaux-en Pasio hutsa, erabat autobiografikoa omen dena. Garai bertsuan publikatu omen zuen Se perdre, bere kaiera intimoa, liburuan kontatzen duen istorioa gertatu zitzaionekoa, irakurri ez dudana. Berak bereizi egin zituen, beraz, batetik narrazio erabat autobiografikoa eta bestetik kaiera. Eta zerk bereizten ditu biak, biak gai beraren inguruko lan autobiografikoak badira, idazle berak idatziak? Nik kaiera irakurri ez dudanez, ez naiz egokiena erantzuteko, baina esango nuke bata asmo literarioarekin egindako lana dela, horrek dakarren guztiarekin, eta bestea aldiz ez. Zaila da definitzen zer den “literaturtasuna” edo “asmo literarioa”, baina izan bada, nire ustez. Pasio hutsa literatura da? Nire ustean, zalantzarik gabe, bai, baina ez dut hain garbi erantzuna Se perdre-ri dagokionez. Autolaguntzarako liburuak argitaratzearen kontra ere ez dut ezer; orain, hori literatura dela esatea, gehitxo iruditzen zait. Hori elitista izatea baldin bada, ba bai, elitista naiz.
Annie Ernaux asko miresten duen Pello Lizarralderi gure blogean (eta barkatu autopropaganda) egin genion elkarrizketan zioen idazle batek lortu behar duena dela idazten duen guztia autobiografikoa izatea. Zer esan nahi du horrek? Bere kaiera publikatu behar duela? ez dut uste. Uste dut beste zeozertaz ari zela idazlea, batik bat bere ibilbide literarioari begiratzen badiogu.
Besterik ez. Barkatu sortutako endredoak eta ongi bizi.
Aupa, Ibon, eta ongi etorri berriketa honetara! Zuk, mundu guztiak bezala, eskubide osoa duzu zeure iritzia emateko blogen gainean. Beraz, alde horretatik ez dago zer barkaturik. Kontua da gutariko batzuk ez gatozela bat zuk esandakoaz, eta horregatik zehaztapenak.
Uste dut ulertzen dudala zure jarrera, urduritzen zarenean zenbait blogen aurrean, bloga espazio publikotzat jotzen baituzu. Ez dakit, baina, gauza bera gertatzen zaizun antzeko gauzak irakurtzen dituzunean liburu batean, akaso liburua ez duzulako jotzen espazio publikotzat. Baina kontura zaitez Garcia Marquezen memoriak milioika pertsonak irakur dezaketela, paperean, eta blog bat, aldiz, ehun lagunek, asko jota.
Sentitzen dut inoiz lotsagorritu bazara nire blog hau irakurtzen, egia baita hainbat aldiz barruko sentimenduak-eta kaleratu ditudala, baina jakizu horrelakoetan nire asmoa izan dela nire penak eta pozak konpartitzea beste batzuekin, sarean egin ditudan lagun mordoarekin. Niri horrek on handia egin dit, eta irakurleei, kalte handirik ez. Ustez, behintzat.
Literaturtasunari dagokionez, bat nator zurekin, diozunean horretarako asmo literario bat egon behar dela, baina hor ere bila daiteke ñabardurarik. Besarkada handi bat.