Gipuzkoako Foru Aldundia oker dabil

Apirilaren hondarrean Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmen bat egin zuen Diario Vasco egunkariarekin, blog lehiaketa bat antolatzeko. Ez zituen aintzat hartu ordura arte Gipuzkoan bertan blogintzan egindako ahalegin oparoak, eta DVrekin ezkondu zen.

Nork bere ezkontideak hautatzen ditu, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eskubide osoa du berea aukeratzeko. Hautuak, ordea, sortu zituen protesta batzuk, adibidez, Blog&roll lehiaketa printzipioz gaztelania hutsez izan behar zelako, eta aitzindarien lana kontuan hartzen ez zelako.

Okerrena, baina, orain dator: Gipuzkoako Foru Aldundiaren organo ofiziala hasi da hainbat informazio banatzen, eta hor aldatu egiten da euskal blogintzaren historia, DVri emateko ez daukan aitzindaritza. Hori, ordea, ez diogu onartuko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu berri du e-gobernua eta hiritarren parte-hartzea, jadunaldi batzuk, non gonbidatu dituen Europa Presseko ordezkari bat, eta beste bat DVkoa, teknologia berriez hitz egiteko. Eta DVren ordezkaria aurkezterakoan, hauxe dio:
DIARIOVASCO.COM fue el primer medio digital en incorporar foros de discusión sin pre-moderación, y ha sido también el primero en poner a disposición de sus usuarios un servicio de blogs.

Diario Vasco aitzindari blogintzan?

Blogei dagokienez, hori ez da egia. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta DVk badakite Euskal Herrian lehen bloga, Sustatu, 2001ean kaleratu zela, CodeSyntax (Eibar) eta Goiena (Debagoiena) enpresek sortua. Lehen blog zerbitzua Eibar.org erakundeak sortu zuela 2004ko uztailean. Goiena.net-ek 2005eko otsailaren 22an aurkeztu zuela bere blog komunitatea KMn, Donostian,. Eta gero etorri zela DV bere blog zerbitzuekin. Baina…, hor egon liteke aitortu gabeko koxka diputazioarentzat, blog horiek guztiak euskaraz daudellako. Horiek ez ezik, beste asko ere, 170 blogetik gora, euskaraz daude, eta Aurki.com albiste biltzaileak jasotzen ditu uneoro.

Gipuzkoako Foru Aldundiak aukeratzea dauka nahi dituen aliatuak, baina, mesedez, ez dezala historia faltseatu. Euskal blogariok ez diogu utziko. Irakurri, bestela, zer dioen Luistxo Fernandezek bere blogean.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

6 Responses to Gipuzkoako Foru Aldundia oker dabil

  1. egilea: Margola

    Kasu honetan guztian gogorrena ez da izan aliatua aukeratzerakoan egon den iluntasuna eta diskriminazio nabarmena. Okerrena, nire iritziz euskararekiko erakutsi den mespretxua da. Zer eta puntako enpresa batzuk beren jakituria euskararen zerbitzura jarri dutenean, Foru Aldundiak nahiago izan du gaztelera potentziatu erdal medio batekin ezkonduz. Itxuria danez hau da positiboki diskriminatu beharrekoa.

    Hanka ondo sartu ondoren, ezin atera, eta bere burua gezurrez apaindu eta dotoretu duen DVko zuzendariaren faltsukeriak ari da orain estaltzen.

    Hanka sartzea hanka sartzearen ondoren

  2. egilea: Jozulin

    Erdal medioa da; ez edozein erdal medio, ordea, ABC eta El Correo Español-en kidea, Vocento-ko taldekideak.
    Euskaldunok ikustezinak gara batzuentzat. Kasu honetan beste euskaldun batzuentzat.

  3. egilea: Gari

    Diputación eta Gipuzkoa hitzak behar nituen hemen, bestela zaila dauka kanpainak. Diputacion.

  4. egilea: Joxe Aranzabal

    Nik ere kopiatu dut Garik proposatutako esaldia Nire aurkezpenean, eskuineko zutabean. Animo lagunak!

  5. egilea: Patxi Lurra

    Zalantza bat:

    Zergaitik “The Daily Basque”-n Gipuzkoako Aldundia “Diputación de Gipuzkoa” da eta Bizkaikoa “Diputación de Vizcaya”?

    “The Spanish Post”-en, dana dan, ez dabe aukerarik emoten: “Vizcaya” beti.

Utzi erantzuna Gari(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude