Elena Lakaren aldarria

Elena Laka abokatu eibartarrak mezu bat utzi zuen atzo arratsaldean Eibartarrak posta zerrendan, irakurlea erraietaraino astintzen duen horietakoa: Oier bi urte eta erdiko semetxoari tumor bat, minbiziduna, aurkitu diote ezker begian. Oraingoan piztiari deritzo retinoblastoma, eta da begiko minbizi bat, haurrengan agertzen dena. Eskerrak eman nahi dizkiot Elenari, erabaki duelako une latz horiek gurekin batera bizitzea. Premia izugarria sentitu du kontatzeko —“Honeraino kontatzeko neukan premia, premia izugarria. Bloga egiten asmatzen badut, bertara joango da”—, eta idatzi izanak on egingo dio, seguru nago.

Ez dakit zenbat aldiz irakurri ditudan bere hitzak baina, zenbat eta gehiago irakurri, hainbat eta garbiago agertzen zait Elena eta bere ingurukoak kementsu daudela: bere lerroen tonuak adierazten du hori, eta baita bere esaldi batek ere, “prozesua luzea izango da, gogorra ziurrenik, baina Oier sendatu egingo da”.

Nik ere goitik behera sinesten ditut zure hitzak, Elena, eta seguru nago Oier sendatuko dela. Lerro hauen bidez arnasa eman nahi dizuet, aurrera egiteko kemana. Eta besarkada handi bat gu hiruron partetik.

Maite zaituztegu.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

4 erantzun Elena Lakaren aldarria-ri

  1. egilea: Edorta

    Aupa Joxe.
    Elgetan egin zen blogarien bileran ezagutu nuen Elena. Tipa majia, hasieratik.
    Onena desio eta laister bere umearena pasatako kontu bat bezala ikusi dezala opa diogula nola esan? Besarkada batez, akaso.

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    Aupa, Edorta! Nik ere orduan ezagutu nuen, eta han izan ginen kontu kontari, nola laster blog bat egiten hasteko zela, eta horrelako kontuak. Balio handiko emakumea iruditu zitzaidan, eta oso atsegina.

    Orain, bere aldarria irakurrita, blogariok gure desiorik onenak opa dizkiogu. Gure aitak esaten zuen modua, aurrera bolie!

  3. Nik ere zuen hitzak nireak hartzen ditut. Igande hartan ezagutu nuen Elena.

    Sekula ez dut jakin halakoetan zer esan, beharbada pakete hostia bat besterik ez naiz baina Joxe ikusita, Oierren irrifarrea handi handia egingo da eta zuen maitasunaren diztira betirako izango du begietan.

    Nik ere besarkada handi bat luzatzen dizuet.

    Bixen

Utzi erantzuna John Whitechapel(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude