Igande iluntzean Fatimak deitu zidan, arreba gazteak, eta esan zidan El Mundo egunkariak zekarrela blogari baten kasua, Bartzelonakoa, eta Ivan Noblek bezala, mutil horrek bere gaixotasunaren berri kontatzen zuela bere blogean. Atzo goizean, berriz, Gari Araolazak bidali zidan antzeko mezua. Ordenagailura joan, eta sartu egin nintzen Fatimak emandako helbidean, La historia de un linfoma, eta hor aurkitu nuen Eduardo Garcíaren historia, Bartzelonako produktu ingeniari baten kontakizuna. Eduardok 36 urte ditu, eta bere blogean kontatzen du nola aurkitu zioten Hodgkin linfoma bat, eta handik aurrerako tratamendua.
Bloga bitxi samarra egin zitzaidan, eta nabigazio sistema berezia du artikulutik artikulura joateko. Egunkari moduan idatzita dago, nahiz eta ez zuen egunero idatzi. Tonua, berriz, ezaguna egin zitzaidan, argi erakusten baitu horrelako egoeretan bizi izaten diren gorabeherak.
Gaixotu zenetik bi urte igarota, Eduardo García hasi da maratoi erdiak egiten, eta, berak dioenez, ondo dabil. Poztu egin naiz hori irakurrita. Horrek, gainera, ematen dit itxaropen apur bat nik ere maratoi erdirik ez, baina Arrasate-Oñati gutxienez, inoiz egingo dudala berriro.
Ni, ordea, oso gutxi joaten naiz igerilekura. Dioptria asko ditut betaurrekoetan, eta uretara sartzen naizenean, piperrik ere ez dut ikusten. Beraz, ez naiz eroso sentitzen, nahiz eta jakin igerian egitea oso ona dela.
Ahal badut, lasterka hasiko naiz, horretarako baimena lortzen dudanean. Baina, arrazoi duzu, horretaz Elgetan hitz egingo dugu luze eta zabal.
Besarkada bat.