Aurreko batean irakurri nion Julio Llamazares idazle espainiarrari, ez zitzaizkiola bat ere gustatzen Pio Moa eta César Vidal bezalako sasi-historiagileak. Jakin-minez geratu nintzen, nortzuk ote sasikoak. Atzo, berriz, Eroskin izan nintzen, Abadiñon, eta haien liburu mordoa ikusi nituen erakusgai, salduenen artean. Eta gaur goizean, Paul Preston historiagile britainiarrari entzun diot elkarrizketa batean, eta haien berri eman digu, Radio Euskadin.
Antza denez, “Pío Moa”:http://www.esferalibros.com/autores/autordetalle.html?autorID=86 Grapon ibili zen sasoi batean, eta harrezkero habia gozoa aurkitu du Libertad Digital agerkari neofaxistan, “Jiménez Losantosen”:http://www.libertaddigital.com/opiniones/opi_desa_24241.html altzoan, hori ere garai batean ORT hipergorrian ibilia.
“César Vidal”:http://tinyurl.com/4vjnz ere sarri agertzen da bai Libertad Digitalean bai COPE irratian, bietan Jiménez Losantosen magalean, eta, itxura guztien arabera, Espainiako Gotzaitegiaren bedeinkazioarekin, erakunde horrena baita irrati kate hori.
Prestonen esanetan, bi idazle horiek txurroak bezala ari dira ateratzen liburuak. Kalitate eskasekoak omen, baina arrakasta handia dute, idazkera eta tonu entretenigarriari esker. Historiagile frankistek bere garaian idatzitakoak eguneratu, besterik ez omen dute egiten. Batak zein besteak, gainera, diote konspirazio bat dagoela franskismoaren kontrako historiagile guztien artean, Gerra Zibilaren inguruko historia desitxuratzeko.
Pio Moa hori ez nuen ezagutzen, baina zenbat pozten naizen aditu batek hori esan izana Vidalen gainean. Telebistako tertulietan ikusi izan dut eta ez dakizu zer nolako amorrua ematen zidan tipo horrek, sasiaditu moduan hizketan, astakeri bat bestearen gainetik botaz, bera jakinean egonda gainera, zer nolako gezurrak esaten dituen. Lotsagabea tipoa!