Hogei urterekin-edo hasi nintzenetik euskara ikasten, liburu asko irakurri ditut euskararen gainean, baina gutxi batzuk iritsi dira mugarri izatera nire bilduma partikularrean. Mugarri, eragin handia izan dutelako niregan. Denak ez, baina gehienak etxean gordetzen ditut, eta baita erabili ere. Hauek dira: – Kintanaren hiztegia. (1970) Ez dakit inoiz aitortu zaion, baina Xabier Kintanaren hiztegiak belaunaldi oso bat markatu zuen. Garai hartan sekulako premia zegoen, eta berak asmatu egin zuen hiztegiarekin. Ipar Ameriketara joan nintzenean, aldean eraman nuen. Zoritxarrez, ez zait geratzen orduko alerik etxean, seguru asko galduta etxe aldaketa ugarietan.
- Euskara batua zertan den. (1977) Txillardegiren liburu horrekin ikasi genituen euskara batuaren gorabeherak. Ondo azpimarratuta dago oraindik ere, nahiz eta azalak dagoeneko aterata dituen, plastikotan bilduta. Jakinek argitalpen zoragarria egin zuen liburu horrekin: koloretan, ondo antolatua
- Euskal gramatika. (1978) Hori ere Txillardegirena. Ediciones Vascasek atera zuen, oso argitalpen zainduan hori ere. Kontsulta liburua izan nuen hainbat urtez.
- Euskal ortografia. (1978) Ortografia baino dezente gehiago ikasi nuen Mikel Zarateren liburu horretan, Leopoldo Zugaza editoreak kaleratua, Mikel izan baitzen euskarak izan duen pedagogorik onenetakoa.
- Euskararen auziaz. (1988) Artean euskaltzainburua zen, baina gauza askotan heterodoxo baten ikuspegitik idatzi zuen liburua. Zenbait estamentutan ahazturaren putzura bidali zuten, ez zitzaien-eta gustatu Villasantek liburu hartan esandakoak.
- Idazkera-liburua. (1993) Joxe Ramon Zubimendik eta Pello Esnalek egin zuten liburu hori, eta niretzat izan zen aurkikuntza moduko bat. Hortxe hasi nintzen jabetzen euskarak zer arazo dituen ondo komunikatzeko.
- Arpoi baten eran. (1996) Inazio Mujika Iraolak prestatu zuen, Juan Bautista Agirreren zenbait testurekin. Eta bertan aurkitu dut nik prosa bizia, erabat komunikatiboa eta egokia gaur egun ditudan premietarako.
- Euskara batuaren ajeak. (1997) Ibon Sarasolak lurrikara moduko bat eragin zuen euskalgintzan liburu horrekin (Alberdania), baita niregan ere. Oraindik ere gustura irakurtzen ditut horko gauzak.
Izan ditut beste liburu batzuk beharbada gutxiago erabili ditudanak, baina beti gertu izan ditudanak. Bi ale ekarriko ditut hona:
Bestelakoak
- Letrak kalekantoitik. (1996) Hizkuntzaren alde ludikoa gozatu dut Anjel Lertxundiren liburu horretan. Behin baino gehiagotan ohera eramaten dut, eta beti aurkitzen dut zerbait harrigarria hor. Bitxi bat.
- Egunkariaren estilo liburua. (2001) Aurreko edizioak ere erabili nituen, baina azkena geratzen zait apalategietan. Zalantzak-eta argitzeko erabili dut, batez ere toponimiari dagokionez.
Benetan polita, Joxe, idatzi duzun liburu berezien dekalogoa. Galdera bat, atrebentzia ez bada: zein izango litzateke zeure dekalogo partikularra euskal literaturan barrena? Eske niri gramatika eta ortografia kontuak bixkat lehor xamarrak iruditu izan zaizkit beti… beharrezkoak, baina lehorrak. Barka.