Goio Aranak blog bat sortu du, Superbai, non diseinatzaile mondragoetarra diseinuaz eta bestelakoez arituko baita.
Goio laguna dut, eta garai batean lankide, Arrasate Pressen. 1988an, katea utzi Fagorren, eta Arrasate Pressera etorri zen, ikastaro arin bat eginda MacIntosh ordenagailuarekin nola erabili Pagemaker programa. Harrezkero, hazi egin da Goio: maketatzaile izatetik diseinatzaile izatera pasatu zen, eta, seguruenik, bera izango da euskal diseinatzailerik sarituena nazioartean. Goio Aranaz gehiago jakin nahi duzuenok, Sustatun irakur dezakezue.
Orain arteko mezuetan Goiok gogoeta egin du diseinuaren gainean, eta horretarako erabili ditu begi bistan ditugun elementuak, adibidez alderdi politikoen anagramak, gure herrietako paretetan ikusteko modukoak. Bere iruzkinak aberasgarriak dira, oso. Ahal baduzue, gorde Superbai gogokoenetan. Nik, behintzat, harpidetu dut Bloglines albiste biltzailean, horrek ekar diezadan begi bistara, Goiok zerbait idazten duen bakoitzean.