Herenegun pare bat kontrol nituen Galdakaoko ospitalean: kardiologian eta hematologian. Hara bidean, ordea, El Gallora iritsi nintzenean, Erletxe pasata Gasteizko bidea hartu behar den tokian, abade edadetu batek sekulako zartakoa eman zidan atzean bere autoarekin, hiru bat ibilgailu geldirik genundenean, eskuinetik zetozen ibilgailuak noiz pasatuko zain. Nire atzeko kolpeleungailua lurrera joan zen, eta atzeko atea mailetuta geratu. Bizkarrean min leun bat igarri nuen.
Abadeak azaldu zidan zer gertatu zitzaion, eta han ondoan geratu ginen biok, aseguruaren paperak betetzen. Gorroto ditut horrelako tramiteak egin behar izatea, baina ni izaki gazteena, neronek egin behar idazkari lanak. Geroago, hematologoak larrialdietara bidali ninduen, badaezpada, kolpe horiek batzuetan gerora uzten baitituzte ondorioak. Horrela, bada, larrialdietara joan, plakak egin, eta bi ordu zain egonda, traumatologoak esan zidan ondo nengoela, nahiz eta seguruenik atzo eta gaur molestia handiagoak izan.
Ilusio handia nuen Jesus Ojangureni eta Josune Urrutiari liburu bana emateko. Lehena da nire medikua Galdakaon, eta bigarrena, erizaina. Eta momentua iritsi zenean, istripuak istripu, plazer handia izan nuen liburuak haien esku utzita. Beraiek ere gustura hartu zuten oparia. Jakinaren gainean zeuden kaleratu nuela liburua, hainbat jendek esana baitzien telebistan ikusi nindutela, edo irratian entzunda.
Liburua opari
Miatu ere miatu ninduen Jesusek, eta ondo aurkitu. Hori bai, gomendatu zidan prednisona gehiago hartzeko, kortikoide mota bat, ahoan ditudan sintomak konpontzeko, hortxe agertzen baitzaizkit oraindik ere erretxazo arrastoak.
Beste hitzordua kirurgia kardiobaskularrean nuen, ikusteko nola doazen gauzak tronbosiaren ondoren. Rodriguez doktoreak agindu zidan Sintrom uzteko, baina galtza berezia oraindik beste lau hilabetez erabiltzeko, ezker hankan janzten dudana,.
Agur, Sintrom
Maiatzean, gainera, tronbofilia bat egingo didate, odol azterketa berezi bat, ikusteko ea ezer dudan nire odolean tronbosia eragin lezakeena. Horren gainean Jesus Ojangurenek esan zidan azterketa horrek ez duela, seguruenik, ezer konponduko, bere iritziz, kimioak eta hezur-muinaren transplanteak zerikusi zuzena izan baitzuten ekaineko tronbosiarekin. Orain, berriz, tratamendu berezi haiek amaituta, tronbosi arriskua ere joana litzateke. Hala ere, proba egin behar, badaezpada.
Zer gerta ere, hurrengoan Volvo handi-mandi horietako bat eramango dut ospitalera, bizkarra zaintzeko.