Baneukan etxean, eta irakurria nuen, baina Gabonetan oparitu egin zidaten Txiliku idazlearen 101 gau liburua, eta nik, berriro irakurri.
Zerbait bitxia gertatu zait, ordea, bigarren aldiz leitzerakoan: konturatu naiz 101 gau dela blog moduko bat, paperezko blog bat, nolabait esatearren, 101 egunean beste horrenbeste istorio edo pasadizo idatzi baitzituen liburu horretan Zarauzko idazleak.
Txilikuk aproba egin beharko luke, eta, Julen Gabiriak bezala, blog bat sortu. Askok irakurriko genioke.
Gauzak zelan diren! Ostegunean ikasle batek Arestiren Harri eta Herri liburua eskatu zidan, datorren astean emateko. Atzo etxean liburua eskuetan hartu, eta lanerako gogorik ez nuenez, hasi Juan San Martinen “aintzin-solas”etik eta bukatu arte ez nintzen geratu.
Orain zuk, Joxe, Txilikuren 101 gau “paperezko bloga” abonatu duzu. Etxeko apal batean aurkitu dut, eta 2000n erosi nuen arren, irakurri gabea nuen. Gaur, zuri esker, irakurtzen hasi naiz, atsegin handiz. Mila esker!
Kaleratu zenean oso gustura irakurri nuen Txilikuren liburua, eta orain, beste horrenbeste. Atsegina da, eta ezusteko bat baino gehiago du hor barruan.
Aresti, berriz, atzenduta izan dut. Beharbada egun hauetan, elurrak estaltzen baditu bazterrak, aro egokia izan daiteke berriro Gabrielen ahots beroa barneratzeko.
Zuri ere mila esker, Txipi.