Sagua erosi dut, ordenagailu eramangarrian erabiltzeko. Logitech Pilot markakoa da, alboetan botoi bana du, eta erdian gurpil txiki bat. Alegia, PCetan erabiltzen diren horietako bat. Atzo gauean probatu nuen, eta oso ondo dabil.
Beharbada zuetariko norbaitek galde lezake nolatan erosi dudan era horretako sagu bat mac batean erabiltzeko. Erantzuna erraza da. Lanean PC bat daukat, eta ohitu egin naiz sagu horiekin.
Gurpila izugarri praktikoa iruditzen zait, batik bat Interneten nabigatzeko. Gurpil horri esker, hatzamarra lasai pausatzen da saguaren gainean, inolako tentsiorik gabe. Macintoshen, berriz, nola ez daukan horrelakorik, alboko barrari eragin behar zaio orriak irakurtzeko, pantailaren eskuinean; horretarako sakatu egin behar da etengabe sagua, eta horrek sekulako tentsioa eragiten du hatzamarrean, eskuan eta besoan.
Asko nabigatzen dudanez, erabaki nuen hobe nuela ergonomia zaintzea, nahiz eta nagusiki hatzamarrari dagokion. Adin batetik aurrera, zaindu egin behar.
Eta mezu hau errepasatzen ari naizela, galdetu diot nire buruari zer esango zukeen nire aitonak esango baliote Joxek, nabigatu bitartean, saguekin egiten duela lan.