Beribilean nentorren, euripean irratia entzuten, eta horrelako batean, ezustea: arratsaldeko 17:00ak inguruan Arnaldo Otegik bukatu du hitz egiten, eta iragarri du Sozialista Abertzaleak taldeko hiru legebiltzarkidek baietza emango diotela Ibarretxe Planari. Horrek, noski, ekarriko du plana onartzea erabateko gehiengoarekin.
Tsunami batek bezain gogor astinduko ditu bazterrak SAren erabakiak, jende askoren estrategiak hankaz gora ezarriko ditu eta. Interesgarria izango da ikustea gainerako indarrek nola erantzuten duten datozen egunetan.
Konturatu naiz hedabide asko ari direla jarraitzen planaren eztabaida Eusko Legebiltzarrean, baina bereziki nahi dut azpimarratu Xabier Mendiguren Elizegi eta Iban Arantzabal parlamentutik bertatik egiten ari diren lana Sustatu blogarentzat. Euskal blogariak erne eta zuzenean une historiko baten berri ematen. Zorionak!