Metrosexuala

Konturatzen naiz zaila dela esplikatzen, esaten badut minbiziak bihurtu nauela metrosexual, baina ahaleginduko naiz.

2003ko uztailean Fatima nire arreba gaztearen hezur-muina sartu zidaten, mini-alotransplante batean Valdecillako ospitalean. Hori egin zidaten linfoma bat gainditzeko, hau da, minbizi mota bat, agertzen dena odolean.

Transplantatu guztiek bezala, erretxazo arazoak izan nituen, batez ere hasieran. Oraindik ere bi modutan agertzen zait erretxazoa: ahoan eta azalean. Azala sikatu egiten zait, batik bat aurpegian eta enborrean. Eta hori konpontzeko, goizero-goizero ematen dut krema bat, batez ere aurpegian.

Baina nola ez dakidan hori nahikoa ote den esateko metrosexuala naizela, begiratu egin dut Interneten, eta definizio hau aurkitu dut The Word Spy hiztegian:

Metrosexual iz. Gizaseme hiritarra, gustu estetiko handikoa, zeinek xahutzen baitu denbora eta diru asko bere itxuran eta bizimoduan.

Ikus dezagun bada. Gizasemea naiz, bai. Hiritarra ere bai, erabat asfaltokumea. Gustu estetikoarena, esan dezagun normala dudala. Eta definizioaren azken puntuei dagokienez, susmoa dut hortxe egiten dudala kale, nahiz eta, lehen esan bezala, inoiz baino krema gehiago ematen dudan azala gozatzeko.

Hasi naizenean idazten, uste nuen gauzak nahiko argi nituela, baina orain erabat nahastuta geratu naiz, jakin ezinik metrosexuala naizen ala ez.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude