Herenegun Juan Jose Ibarretxek eskatu zuen euskara ofiziala izatea Espainian, Europako Batasunean ofiziala izan aurretik, Espainian ofiziala izatea.
Eskariak kontraesan gordinean ezartzen ditu espainiar asko. Izan ere, haientzat Hego Euskal Herria Espainia da eta, beraz, euskara Espainiako kulturaren ondarea. Baina hizkuntza jakin beharraz hitz egiten denean, gaztelania jakin behar da erkidego guztietan, eta beste hizkuntza guztiak âikas litezke, bakoitza bere eremuan solikâ. Horientzat, oso erosoa zen euskararen ofizialtasuna eskatzea Europako Batasunean.
Baina Bruselatik begiratuta, kontraesana oso deigarria da: nolatan Espainiak eskatu Europari, honek ofizial egin ditzala hizkuntza horiek âeuskara, katalana eta gailegoaâ, Espainiak berak egiten ez dituenean?
Oraindik ez dakit zer erantzun izan duen Espainian Ibarretxeren proposamenak, baina txistu berezia sentitzen dut belarrietan, imajinatuz bakarrik zer esango duten zenbait tertulianok.
Pierre Trudeau politikari kanadiarrarekin gogoratu naiz. Ikusi zuenean Quebecen gero eta indartsuagoa zirela indar independentzia zaleak, erronka latza egin zuen: Kanada eremu elebiduna izendatu. Eta benetan lortu zuen Kanada osoko administrazioa elebiduna izatea, nahiz eta horrek sekulako gorrotoa ekarri zion zenbait lekutan, Kanadako Mendebaldean batik bat.
Espainian ez dut ikusten Trudeauren parekorik, ausartuko dena euskara, katalana eta gailegoa ofizial egiten estatu espainiarrean. Espainiar gehienak ere ez dut uste prest daudenik horretarako.