Laster arte, Felix!

Orain bizpahiru hilabete aurkitu nuen Felix Ibargutxi Donostiako Alde Zaharrean, eta kontu kontari aritu ginen, alboko okindegia ireki zuten arte, haren zain zegoen-eta kazetari legazpiarra. Orain, berriz, jakin dut erretiroa hartu duela. Bejondeiola!

Joan den mendeko laurogeigarren hamarkadan izan nuen Felix Ibargutxiren berri, Kanadan geundela, Habe aldizkari sortu berriaren harpidetza egin nuenean. Berak zuzentzen zuen Habe, eta haren zain izaten nintzen, bertako edukiak goitik behera irakurtzeko.

Hain interesgarri aurkitzen nituen Habe aldizkariaren edukiak, eta hain ondo idatzita (horretan uste dut Joxe Lizarraldek eta Boni Urkizuk ere zerikusi handia izan zutela), irakurriaz batera, neure egiten nituen. Neuk ere horrela idatzi nahi nuen.

Gu Euskal Herrira itzuli bezain laster, Felixek Habe utzi eta Diario Vasco egunkarira joan zen. Bertan Zabalik gehigarria zuzendu zuen denbora luzez. Jende askok haren bidez jakin zuen 1988an AED elkarteak Arrasate Press sortu zuela Mondragoen, euskarazko prentsa lokalaren aitzindaria.

Azken urteotan ez dut gertutik jarraitu Felixen lana, haserre nenbilen-eta Vocentotaldearen jokabideaz, berau DV egunkariko argitaratzailea. Baina egunkariaren aleren bat ikusiz gero tabernaren batean, beti joaten nintzen haren lumaren bila. Horrela irakurri diot joan den igandeko despedida ere, lagun baten etxeko alean.

Mila esker, Felix, egindako lanagatik, eta erretirorik oparoena opa dizut zeure aukerako baratze eta basoetan. Nahi duzun arte!

Kategoria: Hedabideak Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude