Serrat, ondo

Gaur irakurri dut sarean Serrat ondo dagoela egin dioten ebakuntzaren ondoren. Eta poztu egin naiz. Batetik, gustatzen zaidalako Serrat, batez ere Serrat pertsona: orekatua eta lasaia. Eta bestetik, orain dela hilabete-edo erakutsi zuen jarreragatik, eman zuenean bere gaixotasunaren berri.

Orduan esan zuen inportantea ez dela zer (gaixotasun) daukazun, baizik eta nola egiten diozun aurre. Eta berak adoretsu egin dio buru minbiziari, eta seguru nago ondo irtengo dela. Aupa Serrat!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Elkarlanerako programak

Gero eta software gehiago agertzen ari da, elkarlana errazten duena enpresetan, erakundeetan eta gizabanakoen artean. Horietako zenbait ordainpekoa da, baina gero eta gehiago doakoak dira, hala nola Bloglines, del.icio.us edo Flickr.

Beldur naiz, ordea, enpresa eta erakunde asko oraindik ez direla fenomeno horretaz jabetu, besteak beste ez dutelako nahi beren erakundeak ireki eta gardenagoak izan daitezen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Arnold for president

“Ezin duzu aukeratu zein herritan jaio, baina aukeratu ahal duzu zein herri maitatu”. Lelo horrekin, Arnold Schwarzenegger-en jarraitzaileek telebista kanpaina handi bat antolatu dute, aldatzeko AEBetako konstituzioaren bigarren artikulua. Horren bidez, Etxe Zuriko ateak ireki nahi dizkiote Kaliforniako gobernadoreari. Jauna, erruki zakizkigu!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Osaba Bin Floren

Orain pare bat aste bukatu nuen irakurtzen Txilikuren liburu hau eta, egia esatera, gustura irakurri ere. Nabarmena da liburuan zehar Ekialdeko kontakizunen oihartzuna, batez ere Mila gau, eta bat gehiago zoragarriarena. Horrek, ez dio ezer kentzen Osaba Bin Floren liburuari, nire ustez behintzat.

Bada herenegun ikusi nuen aspaldiko lagun bat, oso literaturazalea bera. Eta, elkarrizketaren harian, esan nion irakurri berria nuela Osaba Bin Floren, eta gustatu zitzaidala. Ordea, esan nionean izenburua ere ona iruditzen zitzaidala, okertu egin zitzaion aurpegiera: “Osama Bin Ladenen bolada pasatzen denean, Osaba Bin Floren ere harekin joango da, ikusiko duzu”.

Ez dut uste hori horrela gertatu behar denik ezinbestean, eta horrela esan nion neure lagunari. Gogoan izan, bestela, Chuck Aranberri Dentista Baten Etxean Bernardo Atxagaren ipuin zoragarria; izenburu bat zuen, sortutakoa jolas eginez Chuck Berry abeslariaren izenarekin, baina gaur egun liburu hori mugarri bat bihurtu da euskarazko gazte literaturan, eta irakurle gehienek lotu ere ez dute egiten abeslari amerikarrarekin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Narziso

Aurrekoan entzun nion bati, ez dut gogoratzen nori, esaten zuela blogetan idazten dugunok narziso hutsak garela. Eta gogoak hegan egin zidan Greziako mitologiara, eta Narzisoz gogoratu nintzen, bere buruaz maitemindu zen gazteaz.

Hona hemen Lur Hiztegi Entziklopedikoak nola jasotzen duen Narzisoren historia:

Eko ninfaren maitasunari uko egin ziolarik Jainkoak haserretu zitzaizkion (Narzisori). Hala, bere buruaren irudia uretan islatua ikusi zuenean, guztiz maiteminduta geratu zen hartaz. Orduan, bere irudia eskuratu ezin izan zuela eta, ur ertzean geratu zen etsita eta hantxe hil zen, maiteminez. Horrela, lore bilakatu zen eta halaxe sortu zen narziso lorea, antzinako greziarrek gazte hiltzen zirenen sinbolotzat zutena.

Garbi dago narzisismo hitzak elezahar horretatik hartu duela izena. Baina, badago esaterik blogegileok neurriz gain miresten dugula geure burua? Baliteke gure egoa besteena baino piska bat puztuagoa egotea, baina ez dut uste hori denik arazoa kontu horretan.

Informazioaren gizartean, eta informatika eremu berrietara zabaltzen den neurrian, gero eta zailagoa izango zaigu pribatasuna gordetzea. Haziendak, Osakidetzak, Ertzaintzak, bankuek eta saltzaileek gero eta gehiago dakite gutaz: zenbat irabazten dugun, zertan gastatzen dugun, zer gaixotasun ditugun, inoiz kartzelan izan garen, maitalerik dugun… Dagoeneko nahiko biluzik gaude eremu latz honetan, Xabier Letek esaten zuen bezala.

Horregatik erabaki dut blog honetan idaztea eta zuekin partekatzea nire burutazioak, ahal izanez gero inor aspertu gabe.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Internet, sorginkeria

Gaur amarenean bazkaldu dut eta, besteak beste, Interneten gainean hitz egin dugu. Maider gure laguna nola bizi den baserri batean, polis hurbilenetik urruti, baina Interneti esker, konektatuta dagoela jende askorekin. Lana ere etxean egiten du Maiderrek, baina, itzultzailea izaki, ez du etxetik mugitu beharrik enkarguak lortzeko, eta egindakoak bidaltzeko, dena posta elektronikoa erabiliz egiten du-eta.

Adelanto galanta Internet, baina ez dakit sorginkeriatik ere ez ote daukan horrek piska bat. Nik, behintzat, entzun entzuten dizuet Internet gora eta Internet behera, baina hortik aurrera ezin dut harrapatu zer den.

Horiek izan dira gure amaren hitzak. Ez da harritzekoa Internet sorginkeriatzat hartzea, garai batean telefonoa ere har zitekeen moduan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Iragarki alua

Behin baino gehiagotan gertatu zait automobilean natorrela lanera, bat-batean frenazo bat entzun eta sekulako sustoa hartzea. Berehala konturatzen naiz inork ez diola sakatu galgari, eta irratian entzundako iragarki bat dela, Renault Autoberri auto saltzailearena. Ondoren, “casita, casita…” eta horrelako pitokeriak esaten hasten dira.

Amorrua hartu diot iragarkiari, sekulako sustoa ematen didalako, baina beldur naiz denbora luzean etsi beharko dudala.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Arafaten azkena

Penagarria, benetan, Arafaten amaiera. Hil zorian eta txotxolotuta atera zuten bere egoitzatik, Ramalan, eta orain egunak daramatzate hilda dagoela, ez dagoela, dantza makabroan. Eta bitartean, zenbait jende atzetik konpondu gabe utzitako arazoak konpondu nahian, presaka eta korrika, gaixoa makinatik deskonektatu aurretik. Palestinarrek ez dute horrelakorik merezi.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Eguraldi txakurra

Euria goian behean, errepidea putzuz betea, autoaren aurreko kristala koipeztuta… egun eskasa izan da gaurkoa autoa gidatzeko. Ilunabar partean batik bat, euriak jan egiten zuen argitasun apurra. Faroa sentitu dut faltan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Argi bila

Aurreko batean entzun nuen Radio Euskadin nola Nafarroako Gobernuak enkargatu zion enpresa bati egitea inkesta bat euskararen gainean. Nola erantzunak ez ziren gobernuaren gogokoak, horrek ezkutatu emaitzak.

Hori zela eta, eta galdetuta zer iritzi zuten Nafarroako Gobernuak egindakoaz, tertuliano batek esan zuen: “politikoek erabiltzen dituzte inkestak nola mozkorrek farolak: ez argia egiteko, baizik eta eusteko”.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 5 iruzkin