Blogen eztanda

Technorati zerbitzuak dio 5,8 segunduro blog bat sortzen dela munduan, hau da, egunean 15.000 blog berri. Bestalde, 2004ko otsailean egindako azterketa batek dio Internet erabiltzaile guztien %11k —50 milioi lagun gutxi gorabehera—, blogak irakurtzen dituztela.

Ez da harritzekoa, beraz, PC Magazine aldizkariak izendatu izana urteko pertsonak Blogger eta Six Apart blog zerbitzuetako sortzaileak. Zerbitzu horietako bakoitzak milioi bana erabiltzaile dituzte, izena emandakoak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Lau programa, zoragarriak

2004a hasi zenean, orain ia urtebete, ez nuen programa hauen berri, batena izan ezik. Uztailetik hona erabiltzen ditut eta, egia esatera, horiei esker orain beste modu batean egiten dut lan. Irekiak dira, doakoak, partekatzaileak eta sarean daude, nire ordenagailutik kanpo.

Bloglines
Gari Araolazak gomendatu zidan, eta prototipo bat prestatu, has nendin Bloglines erabiltzen. Gero, Luistxo Fernandezek erakutsi zidan nola erabili. Harrezkero, programa hori erabiltzen dut sareko hedabideak irakurtzeko, RSS feedak dituztenak behintzat. Guztira 66 informazio iturri kontsultatzen ditut, goizero lehen orduan eta iluntzean.

del.icio.us
Luistxok esan zidan bazegoela programa bat aukera ematen zuena sareko irakurgaiak gorde eta sailkatzeko, etiketa batzuk erabilita, eta berak erakutsi zidan nola erabili. Orduz geroztik ia egunero gordetzen dut irakurgairen bat del.icio.us-en. Guztira 246 artikulu ditut gordeta eta txukun-txukun sailkatuta, edonoiz kontsultatzeko gertu.

Blogger
Aspaldi nuen zerbitzu horren berri, baina azaroaren 8an animatu nintzen hor neure bloga sortzera, ikusirik lehen baino askoz errazagoa zela blog bat egitea Blogger-en. Handik hona egunero argitaratu dut zerbait. Sustatun modu batean idazten nuen, baina Faroak beste estilo bat du, pertsonalagoa.

Flickr
Sarean bertan izan nuen zerbitzu horren berri, eta irailean harpidetza egin nuen eta lehen argazkiak kargatu. Azaroa ezkero erabiltzen dut argazkiak kargatzeko nire blogean, eta baita erakusleiho moduan atzerrian ditugun lagunentzat. Orain arte ez dut asko erabili, baina nago aurrerantzean etekin handia aterako diodala.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Tsunamiak

Azken ordua: Hona hemen blog bat, informazio mordoa duena hondamendiaren gainean.

Dagoeneko 23.000 hildako eta milaka desagertu eragin ditu atzo Asia Hegoaldean izandako lurrikarak. Richter eskalan 9.0 graduko indarra izan zuen, Hiroshiman jaurtitako 1.000 bonba atomiko adina indar bai, zenbaiten iritziz.

Berau izan da lurrikararik handiena 1965eko Ostiral Santuan beste batek astindu zuenetik Alaska, AEBetan. Eta laugarrena 1900a ezkero. Lurrikararen ondorioz sortutako tsunamiek milaka hildako eragin dituzte Indian, Sri Lankan, Indonesian eta baita Somalian ere, lurrikararen epizentrotik 4.100 km.ra. Baina zer dira tsunamiak?

Tsunami. iz. Itsas uhin handia, lurrikara baten ondorioz sortua. Kostalde batzuetan kalte handiak sortzen ditu, batez ere itsaspeko lurrikarak gertatzen diren lekuetan. Itsaso zabalean uhinak metro bat baino gutxiago izan dezake, baina 15 m. edo gehiago ere izan dezake sakontasun kostaldeetako uretara iristen denean. Itsas zabalean uhinak 100-150 km-ko luzera eta 640-960 km orduko lastertasuna izaten du.

The New York Times egunkariak mapa bat sortu du, elkarreragilea, eta hor garbi ikusten da non sortu zen lurrikara, eta nola hedatu zen. Wikipediak ere artikulu konpletoa atera du horren inguruan.

Eskerrik asko Luistxori eta Lur Hiztegi Entziklopedikoari, emandako laguntasunagatik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Gizon mantsoa

Aurreko batean Agatha Christie idazlearen liburu bat erosi nuen, euskaraz, gogoa bainuen haren lan bat irakurtzeko, laburra. Horrela, bada, erosi nuen Gizon Mantsoa eleberria, Hiria argitaletxeak kaleratua.

Ez da Agatha Christie-ren libururik onena, baina tira, irakurtzeko modukoa bai. Hala ere, traba bat baino gehiago izan nuen liburua irakurtzeko orduan: testuak huts mordoa ditu, hainbeste, non akatsek eragotzi egiten baitzidaten lasai irakurtzea. Hitzen partiketa, bestalde, eskasa da behin eta berriro: kausit/zen, zerbit/zua, pent/satu. jendet/sua…

Oker ez banabil, Josu Landak aspaldi asmatu zuen aplikazio bat QuarkXpress programarekin dabilena, eta horrek oso ondo kudeatzen ditu hitz partiketak euskaraz. Ixa taldeak, bestalde, aspaldi du zuzentzaile ortografikoa, Xuxen, oharkabean egindako akatsak zuzentzeko. Zabarkeria handia iruditzen zait gaur egun argitaletxe batek baliabide horiek ez erabiltzea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Heriotza

Sautrela ikusten ari ginen, Euskal Telebistan. Halako batean, Joxemari Iturralde hasi zen azaltzen beretzat heriotza zela helmuga bat, nola jaiotza den hasiera. Eta berari gustatuko litzaiokeela hiltzea bat-batean, “orain bizirik nago, eta hurrengo minutuan, hilda”.

—Niri ere horrela gustatuko litzaidake hiltzea, bat-batean eta min barik, esan zuen Mirenek. Eta ni, harrituta, uste bainuen bederatzi urteko alabak ez ziola arretarik ipini Iturraldek esandakoari. Inoiz ez dakizu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Eguberri on!

Atzo Elorrion egin genuen Eguberri bezperako afaria, ez ginen Lekeitiora joan, azken urteotan bezala. Betiko moduan, hori bai, Aitor koinatuak sukaldatu zuen. Hasteko, zizka-mizka hotzak, gero beroak, eta amaitzeko, kokotxak gulekiin. Gero, jakina, turroiak, kafea eta enparauak. Harrikoa ere, ederra.

Eta zer esan Olentzeroren gainean? Portatu egin dela, batez ere Mirenekin, zeren berak baitu ilusiorik handiena egun hauetan, nahiz eta aspalditxotik dakien Olentzeroren atzeko historia. Denok pozik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Akordatzen

Akordatzen naiz Deustuko Unibertsitatean ari ginela, nola mutil bat, gaztea eta isila, hasi zen agertzen bilera haietan, Euskal Kultur Mintegian, eta bitartean gu ika-mika etengabean ari ginela, ea nor abertzaleago.

Akordatzen naiz atxilotu zutenean zur eta lur geratu ginela, eta haren argazkia Jose Julianen fotoaren ondoan agertu zela, itxuragabetuta.

Akordatzen naiz liluratuta geratu nintzela haren Narrazioak irakurri nuenean Parlamentu inguruko parkeetan, Ottawan.

Irakurri berri dut Joseba Sarrionandiaren azken liburua, Akordatzen, eta konturatu naiz ni ere garai zaharrekoa naizela. Apunte soilekin egin du Josebak liburua, baina mundu oso bat iradokitzen du. Niri, behintzat, neurona asko piztu zaizkit berau irakurrita.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Gutuna atzerriko lagunei

Garaia iritsi da, urtero sasoi honetan bezala, idazteko atzerrian ditugun lagunei. Gehienak dira AEBetan, Kanadan eta Israelen bizi izan gineneko garaikoak, herrialde horietan ibili baikinen 1981 eta 1986a artean. Eta harrezkero, eutsi egin diogu haiekin genuen harremanari, Gabonetako eskukitzei esker.

Orain arte, dokumentu txukun bat prestatzen nuen PDF formatuan, Adobe PageMaker erabilita, argazki eta guzti. Aurten, ostera, eskutitza posta elektroniko bidez joango da, dokumentu atxikirik gabe.

Hori bai, osatzeko gutunaren lerroak, hainbat argazki kargatu ditut Flickr webgunean dudan kontuan, eta leku horren helbidea gure gutunean bertan doakie, hor klik egin dezaten. Gutuna eta argazki oinak ingelesez doaz, hori da-eta gure arteko hizkuntza.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Arartekoa eta tortura

Poztu nintzen Iñigo Lamarka Ararteko izendatu zutenean, poztu nintzen Hondarribian ikusi nuenean Ararteko bezala alarde mistoaren alde egiten, eta poztu nintzen atzo irratian entzun nuenean Arartekoak zenbait gomendio egin diela euskal administrazioei tortura behin betiko desagerrarazteko EAEko atxilotze lekuetan.

Ertzaintzak eta EAEn lan egiten duten polizia guztiek haintzat hartu beharko lituzkete Arartekoaren gomendioak, eta goitik behera bete. Tortura izurrite bat da, erauzi beharrekoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Oi Bethleem

Gustatzen zaizkit Gabonetako kantak. Ipar Ameriketan bizi ginela, haiek entzutean etxeaz gogoratzen nintzen, familiaz, lagunez eta herriaz. Harrezkero, urtero erosten dut disko bat Gabon kantekin. Asko dauzkat, beraz, herrialde askotakoak.

Horietatik bat maite dut bereziki, Oi Bethleem, lehendabizi S. Hiriartek 1906an argitaratua Euskaldun Eliza Kantuak bilduman. Jose Antonio Arana Martijak kontatzen du Gabonetako Kantak liburutxoan, nola 1965ean BBC konpainiak galdeketa bat egin zuen nazioartean, musikologoek zerrenda bat egin zezaten Gabon abestirik onenekin. Hauxe izan zen emaitza:

  • Adeste fideles
  • Stille Nacht
  • Oi Bethleem
  • Ordutik hona asko aldatu dira gustuak Gabon kantei dagokienez, eta nonahi zabaldu da Disney estilo bat, nolabait esatearren, amerikarra, alaia, itsaskorra eta Hollywoodek lagundua. Hala ere, Oi Bethleem maite dut nik, batez ere Amaia Zubiriak egindako bertsioan. Ederretan ederrena.

    Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina