Leran

.flickr-photo { border: solid 2px #000000; }.flickr-yourcomment { }.flickr-frame { text-align: left; padding: 3px; }.flickr-caption { font-size: 0.8em; margin-top: 0px; }
Leran , originally uploaded by Joxe .

Aprobetxaturik anbulatoriora joan behar nintzela, ondo jantzi, eta osteratxo bat egin dut Elorrio inguruan. Argiñetan, nekropolisaren ondoan, haur batzuk ikusi ditut, elurretan jolasten. Tremendo ari ziren pasatzen, gora eta behera, lera gainean.

Gero, etxera etorri eta irakurri dut Sustrai Colinaren zutabe ederra Berrian. Eta Julen Gabiriaren pieza bere blogean. Zoragarriak!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Txoritokia

.flickr-photo { border: solid 2px #000000; }.flickr-yourcomment { }.flickr-frame { text-align: left; padding: 3px; }.flickr-caption { font-size: 0.8em; margin-top: 0px; }
Txoritokia , originally uploaded by Joxe .

Gure etxean bi esparru ditugu: bat bizitzeko, eta bestea lan egiteko. Azken hau goian dago, teilatupean, eta eskailerak igo behar dira bertara joateko. Hori da gure txoritokia, hamar bat metro koadro, eta hor egiten dut lan nik, etxean nagoenean.

Mahai handi bat daukat, L formakoa, eta hor dauzkat tramankulu gehienak: ordenagailua, eskanerra, inprimagailua, telefonoa, eta faxa. Eta orain, routerra, wi-fi sarea antolatzeko. Horiek, mahai gainean. Mahaipean, berriz, hiztegiak eta kontsulta liburuak, idazteko lagungarri.

Txoritokia leku aproposa da irakurtzeko eta idazteko, argia baita, eta toki isila. Hala ere, badu eragozpenik: metro eta erdi garai nola den, beti jarrita egon behar. Eta udan, beroa da, oso beroa, etxeko berotasun guztia hortxe pilatzen da-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Etxeko-balkoitik

.flickr-photo { border: solid 2px #000000; }.flickr-yourcomment { }.flickr-frame { text-align: left; padding: 3px; }.flickr-caption { font-size: 0.8em; margin-top: 0px; }
Etxeko-balkoitik , originally uploaded by Joxe .

Elurra dela-eta, gaur etxean geratu naiz. Fakultatean ere, ez dago eskolarik. Giroa aprobetxaturik, balkoira irten eta argazki bat egin dut. Aurreko baserri horrek Belengua du izena.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Dick Turpin

Atzo arratsaldean, lo kuluska bat egitekotan nintzela kafe garaian, ezusteko galanta: Dick Turpin agertu zitzaidan txirrina joka. Orain pare bat urte ezagutu nuen Dick, berak ere Sustatun idazten baitzuen, batez ere teknologia kontuak.

Kanpoan elur pikorta ari zuen, eta guk txokolate beroa egin. Trebea da Dick txokolatea egiten, eta biok ere gustura edan genuen, ogi xigortuarekin batera, garai zaharretan legez.

Biok mac zaleak izaki, errepaso ederra eman genion Applen bilakaerari. Pozik ikusten du Dick-ek Applen piztuera, baina gogor kritikatu zituen Cupertinoko enpresaren zenbait ohitura, oso Microsoft erakoak. Azkenik, “moñoñoa” iritzi zion nire Powerbook berriari.

Bereiztu zenetik bere bikotekidearengandik, oso gaizki pasatu du gure lagunak. Hori zela-eta, erabaki zuen denboraldi batez, behintzat, gehiago ez idaztea Sustatun. “Lur jota nengoen, eta gogorik ez idazteko”. Orain beste neska batek egin dio tilin, eta esan liteke bizipoza ere itzuli zaiola begietara. Uzkur dago, hala ere, ez baitu nahi itxaropen faltsurik sortu bere bihotzean.

Pare bat ordu berriketa gozoan arituta, neguko jaka jantzi eta automobilaren bila joan zen Dick Turpin. Gasteizera zihoan, gaua neskaren etxean pasatzeko asmoz. Etekin ona ateratzen ari zaio urte sabatikoari.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Ezkur urte, elur urte

Ez dakit aurten ezkur urtea izan den, baina badirudi elurra sendo izango dugula, iragarpenak betetzen badira, behintzat. Atzo, EtnoMet-EtnoAroa bloga irakurriaz batera, esaldi hori etorri zitzaidan gogora, izenburukoa, zerrendan agertzen ez zelako, beharbada. Bidenabar, Bloglines albiste biltzailearen bidez harrapatzen dut EtnoMet-EtnoAroa, eta gustura irakurtzen.

Kuriosoa da, baina gaztelaniaz ere ezkurrak eta elurra lotzen dira inoiz, grazia handiz, gainera: año de bellotas, nieve hasta las pelotas.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Anne Franken egunkaria

Joan den asteko egun batean erosi, eta atzo bertan hasi naiz irakurtzen Anne Franken egunkaria. Euskarazko itzulpena Josu Zabaletak egin du, eta Erein argitaletxeak kaleratu.

Aspaldi nuen liburu hori irakurtzeko gogoa, are eta aspaldiago ikusia bainuen berorren gaineko filma. Konstatazio bat: konturatzen naiz oso antzeko ariketak direla egunkaria eta blog pertsonala egitea, nahiz eta lehena, printzipioz, pribatuagoa izan daitekeen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Atxagarekin pasieran

Gaur Bernardo Atxagaren liburu bat grabatu dut gure iPod txikian, Hitz beste eginez, garai batean Atxagak Herri Irratian egindako irratsaio sorta laburra, eta Pamiela argitaletxeak argitaratua Phonogauzak bilduman. Eta horrela irten naiz paseatzera, Atxagaren konpainian. Lehendik ere entzuna nuen disko hori, Valdecillan izan nintzenean hezur-muinaren transplantea egiten, nirekin eraman bainuen bakargelara.

Esperientzia primerakoa izan da: bikain entzuten zen, eta benetan gozatu dut, Atxaga kontalari bikaina delako. Nafarroako erresuman barrena eraman nau, Paris eta Akapulkotik igarota; barre eragin dit, eta baita zer pentsaturik ere.

Hurrengo batean, ordea, saio guztiak segidan entzun partez, tartekatu egingo ditut musikarekin, astia izan dezadan entzundakoaren mamia hausnartzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Martin

Ostiral ilunabarrak jai giroan igarotzen ditugu etxean, eta Miren ohi baino beranduago joaten da ohera, aprobetxaturik larunbatean ez duela eskolarik. Behin baino gehiagotan, pizza edo horrelako plater bereziren bat prestatzen dugu, eta telebistaren aurrean jan, Bertatik Bertara eta Martin telesaila ikusten ditugun bitartean. Badakizue: “telebista elkarrekin ikusten duen sendiak betiko batasunean iraungo du”.

Martin bera ezinbesteko plater bihurtu da ostiralero, eta ez da harritzekoa: laburra da, dibertigarria, ondo egina, eta ondo antzeztua. Esango nuke, gainera, gidoiak idazten dituenak oso ondo ezagutzen dituela pertsonaiak eta, hedapenez, pertsonaia horien adineko jendea. Alegia, gu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Liburua, otsailerako

Azken orduko zuzenketak egin, azala erabaki, eta azalarekin batera joango diren testuak osatuta, nire liburua —Medikuak esan dit minbizia dudala— prest dago, eta datorren astelehenean moldiztegira joango da.

Atzo iluntzean Xabier Mendiguren Elizegik deitu zidan, editoreak, eta esan zidan liburua aurkeztuko dela otsailean; uste baino hilabete lehenago, beraz. Hiru aurkezpen egingo dira: lehenengo biak —Donostian eta Arrasaten— egun berean; eta hirugarrena, bi egun geroago, Elorrion. Datozen egunetan zehaztuko dugu gehiago.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Sagua

Sagua erosi dut, ordenagailu eramangarrian erabiltzeko. Logitech Pilot markakoa da, alboetan botoi bana du, eta erdian gurpil txiki bat. Alegia, PCetan erabiltzen diren horietako bat. Atzo gauean probatu nuen, eta oso ondo dabil.

Beharbada zuetariko norbaitek galde lezake nolatan erosi dudan era horretako sagu bat mac batean erabiltzeko. Erantzuna erraza da. Lanean PC bat daukat, eta ohitu egin naiz sagu horiekin.

Gurpila izugarri praktikoa iruditzen zait, batik bat Interneten nabigatzeko. Gurpil horri esker, hatzamarra lasai pausatzen da saguaren gainean, inolako tentsiorik gabe. Macintoshen, berriz, nola ez daukan horrelakorik, alboko barrari eragin behar zaio orriak irakurtzeko, pantailaren eskuinean; horretarako sakatu egin behar da etengabe sagua, eta horrek sekulako tentsioa eragiten du hatzamarrean, eskuan eta besoan.

Asko nabigatzen dudanez, erabaki nuen hobe nuela ergonomia zaintzea, nahiz eta nagusiki hatzamarrari dagokion. Adin batetik aurrera, zaindu egin behar.

Eta mezu hau errepasatzen ari naizela, galdetu diot nire buruari zer esango zukeen nire aitonak esango baliote Joxek, nabigatu bitartean, saguekin egiten duela lan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina