Citations, ezaugarri interesgarria

Amazon liburu denda digitalak beste ezaugarri bat gehitu dio bere webguneari: Citations, aipamenak alegia. Erakusten du liburu batek zer beste liburu aipatzen dituen eta liburu hori zer beste liburuk aipatzen duten. Klik egin daiteke loturetan eta aipamenak irakurri. Informazio gehiago jaso daiteke liburu horien gainean…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Farozaina

Faroak farozaina du orain. Horrela esanda, badirudi Pernandoren egia bat esan dudala, faro guztiek behar dutelako farozaina. Kontua da faro honek anaia bat duela orain, Farozaina izenekoa, hori ere neuk egina. Faroa blog bat da, baina Farozaina beste zerbait da, tumblelog bat.

Tumbleloga
Baina zer da tumblelog delakoa? Tumblelog bat da blogaren aldaera bat, eta horrek hobesten ditu mezu oso laburrak, iruzkin oso motzekin, baldin eta iruzkinik bat ere eramaten badu. Horrela definitzen du Wikipediak. Funtsean da modu bat di-da argitaratzeko egunean zehar han-hemenka sarean aurkitzen ditugun gauzak: testuak, argazkiak, loturak eta bideoak. Projectionist da horren adibide eredugarri bat.

Sei mezu mota
Ohiko blogek ez bezala, tumblelogek eskaintzen dute sei mezu mota, bakoitzak bere diseinuarekin: ohiko mezua, argazkia, aipua, lotura, elkarrizketa eta bideoa. Sortzerakoan mezu bat Tumblr aplikazioan, nik egin dudan moduan, aukeratu egin behar da zer mezu mota izango den.
Aukerak.jpg

Bookmarklet bat ere badu, “Share on Tumblr”, eta horren bidez, edonon zaudela ere, argitaratu egin ahal duzu zure tumbleblogera zuzenean. Bookmarkletak sumatzen du zer elementu nahi duzun argitaratu (argazki bat, aipu bat…), baina ez badu asmatzen, uzten dizu zuk zeuk erabakitzen
Bookmarkleta.jpg

Farozaina
Kontua da tumblelog horiek sekulako arrakasta izan dutela, batez ere aukera ematen dutelako laburrean blogeatzeko, di-da, gauza txikiak argitaratuta. Badirudi jende askok egokiagoak aurkitzen dituela ohiko blogak baino, formatu bizkorragoa eskaintzen baitute.

Nik ere probatu nahi nuen formatu hori, eta horregatik sortu dut Farozaina, jakiteko zelakoak diren tumblelogak eta abantailarik ba ote duten. Ibilian, ohartu naiz tumblelogek ez dutela elkarrizketarik sortzen blogek bezala, horietan ezin baita erantzunik utzi. Hala ere, ederki ispila dezakete egilearen nortasuna.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Gora Phil de Vellis!

Harrapatu egin dute Hillary 1984 iragarkiaren egilea: Phil de Vellis da, 2006an Internet Komunikazio zuzendaria izan zen Sherrod Brown-ek AEBetako Senaturako egindako kanpainan, eta orain gutxi arte Blue State Digital enpresako Internet taldeko kidea izan da. Izan ere, bere enpresari kalterik ez egiteko, eta ikusita zelako hautsak harrotu dituen bere bideoak, utzi egin du lana eta kale gorrian geratu da.
 
Hala ere, joan aurretik azaldu egin du zergatik egin zuen bideoa, eta ni paragrafo batekin geratu naiz:

  • Azpimarratu nahi nuen Obamak beste modu bat duela politika egiteko eta Clinton senatariaren elkarrizketa hutsala dela. Horren azpian baina, ideia bat dago, eta da makina politikoak dagoeneko ez duela erabateko agintea. 

Phil de Vellis-ek badaki zertan ari den, eta joan aurretik abisua jo du: “Iragarki hau ez da izan herritarrek egindako lehena, eta ez da azkena izango. Jokoa aldatu egin da”.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Asteartea 13

Lehen mailako ikasle batzuek, Ikus-entzunezko Komunikazioa egiten ari dira HUHEZIn, poz handia eman didate beren lehen bideoa egin dutenean. Gustatu zait zer egin duten, eta gustatu zait erakutsi duten erabakimena, jarrera, umorea eta ausardia. Hemen azaldu dituzte bideoaren nondik-norakoak. Etorriko dira gehiago, baina bitartean, zorionak!

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Ihes betea

Tendinitis bat tarteko, etxean egin behar izan ditut egun hauek, eta atzo arte zelan ezin nuen ordenagailurik erabili, eskuin sorbalda bainuen minduta, egunok baliatu ditut Anjel Lertxundi idazlearen azken liburua irakurtzeko, Ihes betea.

Egun gogoangarriak izan dira niretzat, liburua ere halakoxea izan da-eta, eta berau irakurtzea, abentura ederra. Werner eleberriko protagonista parafraseatuz, “liburua izan dut ordu luzeen entretenigarri eta betazalen erregarri”.

Beldurra sentitu dut ikusita sektarismoak zelan egiten duen habia protagonistaren baitan, ia oharkabean. Bihotza estutu zait irakurri ahala Werner gazteak eta bere lagunek Sebastian gazteari eragindako umiliazioak, zergatik eta judua izateagatik. Errukitu egin naiz protagonistak bere judutasunaren berri izan duenean. Nik ere triki-traka egin dut harekin Triesteraino eta patuak eraman duen lekuetaraino. Sentitu dut John Le Carré idazlearen hainbat lan irakurtzerakoan bizi izandako intriga, hain ondo bilbatua dago-eta Ihes betea,  eta gozatu egin dut Anjelen prosa.

Ez dakit gehiegi esatea ote den, baina esango nuke Anjel Lertxundiri irakurri dizkiodan liburuetan, hauxe dela biribilena, gehien bete nauena.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Hillary 1984

Ezezagun batek sutan jarri du hauteskunde kanpaina AEBetan, zeren YouTuben eskegi duen bideoak, non konparatzen duen Hillary Clinton senataria George Orwell idazlearen Anaia Handiarekin, sekulako ikus-mina eragin baitu sarean, dagoeneko milioi bat lagunek baino gehiagok ikusi dute-eta bideoa.

Bideoa egiteko, ezezaguna oinarritu da 1984an Apple enpresak egindako iragarkian, non Anaia Handia IBM baitzen eta askatzaileak Macintosh ordenagailuaren berri ona baitzekarren. (Bideo hura, bidenabar esanda, Ridley Scott zine zuzendari artean gazteak egin zuen). Nahiz eta remake honen azken irudiak dioen “BarackObama.com”, Illinoisko senatariaren taldeak ukatu egin du beraiek egin izana horrelakorik.

Bistan da, bideoak eztabaida piztu du hedabideetan. Izan ere, adituak aztertzen hasi dira, besteak beste, zenbateraino eragin dezaketen boto emaileengan horrelako edukiek, kanpaina antolatzaileen kontroletik kanpo eginak, eta zelan erantzun beharko luketen hautagaien taldeek eraso anonimo arrakastatsuei.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Segapototik blogera zuzenean

Ez da berria, lehendik ere bidal zitekeen-eta informazioa nahiz argazkiak sakelako telefonotik blogera —hortik zetorren moblog berba, “mobil blogging” adierazten zuelako—, baina orain Sony Ericsson konpainiak telefono bat atera du hori ezin errazago egiten duena Blogger plataformarekin. Ikusi bideoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1

USAToday.com

1982an paperean sortu zenean, hautsak harrotu zituen USA Today egunkariak, eta eragin handia izan zuen, batez ere egunkarien diseinuari dagokionez. 25 urte geroago, berriro hautsak harrotu ditu, oraingoan egunkari digitala birdiseinatu duelako.

Orduan bezala, orain ere uste izatekoa da eragin sakona izango duela beste egunkari handien edizio digitaletan, egin dituen aldaketak esanguratsuak izan dira-eta. Edizio berrituak aukera eskaintzen du sare sozialak egiteko eta azpimarratu egiten ditu irakurleen iruzkinak eta elkarlana.

Aldaketak
Aurrerantzean, irakurleak hau guztiau egingo du egunkari berrituan, nahi izanez gero:

  • Eskaneatu beste albiste batzuk zuzenean USAToday.com-en.
  • Ikusi zelan irakurleak ari diren erantzuten albisteei.
  • Gomendatu albisteak eta iradokizunak beste irakurle batzuei.
  • Iruzkinak egin zuzenean albisteetan.
  • Parte hartu eztabaida foroetan.
  • Idatzi film edo musika kritikak.
  • Argazkiak bidali.
  • Hobeto komunikatu egunkariko langileekin.

Helburua
Egunkariko arduradunek garbi izan dute zer bilatzen zuten aldaketa horiekin:

  • Guk gura dugu irakurleek arin eta erraz uler dezaten mundua euren inguruan, eta horretarako, eskaintzen diegu eguneko albisteen panorama zabalagoa eta konektatzen ditugu beste irakurle batzuekin, eurok laguntzeko aldi berean hobeto ulertzen gertaerak.

Aldaketek kritika zorrotzak ekarri dizkiete, ausartegiak omen direlako, baina sareko adituek txalo handia eman diote birdiseinuari, ikusi baitute ederki egokitzen dela Interneten dinamika berrietara. Eta edizio digitalaz hitz egiten ari gara.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Sagarrak Euzkadin

Erosi eta irakurri. Horixe egin dut Inazio Mujika Iraolaren azken liburuarekin: Sagarrak Euzkadin. Baina ez naiz pozik geratu. Argitalpena oso zaindua da, hor ez dago aitzakiarik, Alberdaniak oso lan txukuna egin du, baina mamiak ez nau bete.

Eta sentitzen dut, zeren oraindik gogoan nuen Inaziok Eguarri Abestia liburuaren sarrera gisa idatzi zuen kontakizuna, hura ere egiazko datuetan oinarritua, non kontatzen baitzuen Ander Arzelus Luzearren etxeratzea gerraostean, hainbat urte eginda espetxean. Kontakizun hark harrapatu eta hunkitu egin ninduen, baina honek hotz utzi nau.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Ning, sareak zure neurrira

Bi aste pasatxo izango dira Ning sortu zenetik (txineraz “bakea” esan nahi omen du), webgune bat aukera ematen duena giza sareak sortzeko, doan. MySpaceri kikiltzeko modukoa irizten dionarentzat, han gai baten inguruko sareak erraldoiak izaten baitira, Ning izan daiteke irtenbide egokia, hor sareak norberaren neurrira sor daitezke-eta. Gina Bianchini onlineko marketin exekutiboak eta Marc Andreesen Netscape nabigatzailearen sortzaileak sortu dute Ning.

Antza denez, Ning sortzaileek izugarri sinpletu dute bidea sare bat sortzeko, eta Blogger, Blogak.com edo Blogari.net plataformetan blog bat sortzea bezain erraza izan daiteke orain sare bat sortzea Ning horretan. Bertan era guztietako sareak aurkitu ditut: liburuzainak, Albert Goren jarraitzaileak, Sao Pauloko gautxoriak, Battlestar Galactica telesaioko jarraitzaileak, enplegu bilatzaileak…

Hor sartzen den jendeak bere profilak sor ditzake, argazkiak igo, lagunekin harremanetan jarri, aldibereko mezuak bidali, bloga sortu, foroetan parte hartu, etab.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina