Gustura irakurri dut Etxe hutsean, Karlos Linazasoro idazlearen azken liburua. Aita eta ama hil zitzaizkion ia batera, eta bere haurtzaroko etxera joan zenean, hutsik aurkitu zuen: ez aitarik eta ez amarik; hori bai, oroimenak bor-bor. Horrek eraman du liburua sentimenduz idaztera, eta, nirekin behintzat, konektatu du bere poesia.
Denboran bateratsu hil zitzaigun guri ere ama, baina handik gutxira hasi ginen haren etxea hustutzen, saldu beharra genuen-eta. Gaur egun etxe hura, gure haurtzarokoa, ez da gurea. Oroimenak geratzen zaizkigu, neba-arrebon artean partekatzen ditugunak, orduko zenbait argazki, liburu eta objekturekin batera.
Akaso horrek ere bultzatu ninduen Karlos Linazasororen liburua erostera, baina ez zen izan motibo bakarra, Eldarnioak atera zuenean, bere lehen liburua, prendatuta geratu bainintzen haren idazkerarekin.