Argia aldizkariaren 2.593. alean irakurri diot Lolita Chávez kitxe herrien kontseiluko buruari zelan izendatu beharko genituzkeen orain arte askok herri indigenak deitu ditugun horiek. Horrela dio:
Herri indigenak baino areago, jatorriko herriak gara, antzinakoak, eta geure kosmobisioak eta bizierak ditugu. Indigena, azken finean, kolonizazioari lotutako terminoa da, ‘indio’ esateko modu goxoa.
Behin baino gehiago galdetu diot neure buruari zelan izendatu herri horiek, Kanadarrek First Nations izendatzen dituztenak, eta Lolita Chávezek emandako azalpena egokia iruditzen zait. Beraz, hemendik aurrera Jatorrizko herriak izendatuko ditut neuk ere, hizketan ari naizenean bezala idazten dudanean.
Aldaketa: Jatorrian, artikuluaren izenburuan “Jatorriko herriak” jartzen zuen, baina Txerra-ren erantzuna aintzat hartuta, ikusi dut Euskaltzaindiaren Hiztegi batuak “Jatorrizko” hobesten duela. Hori dela-eta, aldatu egin dut artikulu honen izenburua, eta baita azken paragrafoan “Jatorrizko herriak”. Aipua, berriz, dagoenetan utzi dut, horrela agertzen baita Argian.
Joe, nik ere irakurri dut elkarrizketa eta gauza batek harritu nau: jatorriko herriak baino nik jatorrizko herriak esango nuke, belarrira hobeto ematen dit. Behintzat google-n askoz emaitza gehiago ematen du bigarren horrek.
Arrazoi duzu. Begiratu dut Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan, eta horrela dio:
jatorrizko adj. Jatorriari dagokiona, jatorriz dena; sortze ingurunetik, egilearen eskutik zuzenean datorrena. Jatorrizko grinak. Grazia guztien jatorrizko Iturria. Jatorrizko hizkuntzaren bila. Jatorrizko testutik edo hizkuntzatik itzuli.
Hori ikusita, egokitu egingo dut izenburua eta baita artikulua bera, aldaketaren berri emanda. Mila esker, Txerra.