Behin baino gehiagotan esan dut oso pozik nabilela Ulysses aplikazioarekin. Berau erabili nuen Jon Salaberri liburua idatzi eta argitaratzeko, eta berau erabiltzen dut nire blogeko mezuak idazteko.
Hala ere, banuen baina bat: Ulysses bakarrik dabil MacOS eta iOS ingurunetan, alegia, Applen baratzean. Nik instalatuta daukat nire iMac ordenagailuan eta baita nire iPadean. Telefonoan ez, nire telefonoa Android sistemarekin dabilelako.
Atzo baina, aprobetxatuta Ulysses aplikazioaren azken bertsioak aukera ematen duela edukiak sinkronizatzeko Dropbox karpeta batekin ere, aurkitu nuen mobileko hutsunea betetzeko modua. Instalatu nuen iA Writer aplikazioa nire mobilean (telefonoko bertsio hori doakoa da), eta bertako edukiak Dropboxen jarri, karpeta batean, berau sinkronizatuta Ulysses aplikazioarekin. Era horretan, ideiaren bat baldin badaukat, edo zenbait ohar hartu nahi baditut, geroago Ulyssesen garatzeko, mobilean idatziko dut, eta gorde testu huts gisa Dropboxen. Gero, Ulyssesek ireki egingo du Markdown formatuan.
Pozik nago bidezidor horrekin, areagotu egiten dudalako Ulyssesen ahalmena nire zerbitzuan, ordaindu behar barik iPhone bat. Hori guztia posible izan da Markdown hizkuntzari esker, unibertsala delako: bertan idatzitako testuak edonon erabil daitezke: MacOS, iOS, Android, Windows, Linux…
Mezu honen testua nire mobilean zirriborratu nuen, eta geroago, Ulyssesen jarrita, bertan garatu dut, niretzat mahai gaineko ordenagailua askoz erosoagoa baita luze idazteko.