Eguerdiko ordu bata bost gutxi izango ziren, atzo azokara iritsi nintzenean. Jende asko, eta bero handia. Bego eta Miren alde batetik abiatu ziren, eta ni bestetik. Ramon anaiarekin egin nuen topo, eta harekin batera hasi nintzen han eta hemen kuxkuseatzen.
Alberdanian Joserra Garziaren azken liburua erosi nuen, eta nola Joserra bera han zegoen, Jorge Gimenez editoreak gonbidatu zuen alea sinatzera. Izena?, galdetu zidan. Joxe. Eta abizena? Aranzabal. Jo-der! esan, eta eskua eman zidan, orduan konturatu baitzen neu nintzela berak ezagutzen zuen Joxe Aranzabal hura bera. Eskaintza polita egin zidan Joserrak. Patrifilioak amaituta, berbetan geratu ginen apur bat, zer moduz nenbilen, bere seme bat ere HUHEZIn ari dela ikasten, eta horrelako kontuak.
Handik hurbil zegoen Anjel Lertxundi, gure idazle-kazetari-maisu handia, eta nola aspalditik ezagutzen dugun elkar, Garaia aldizkariaren denboratik bai, agurtu egin nuen. Beti bezain abegikor hartu ninduen, eta bazuela Faroaren berri. Nik ere egia handi bat esan nion, oso gustura irakurtzen ditudala bere zutabeak Berrian.
Xabier Mendiguren Elizegi zegoen lekura iritsi orduko, berotuta nengoen. Elkarri bostekoa eman, eta “zer moduz Faroa?”, galdetu zidan. “Ondo, orain elikatu egin behar!”, erantzun nik. Nire liburuari buruz –Medikuak Esan Dit Minbizia Dudala–, esan zidan laster hasiko direla maketatzen. Eta Luistxori ere ari zaiola gogorarazten, ea noiz ematen dion hitzatzea.
Ordurako ito antzean nenbilen, bero, eta erabaki nuen alde egitea, aire fresko bila. Beste baterako utzi nituen Jose Antonio Agirreren liburua eta Anna Frank-en egunerokoa. Ezin nuen gehiago. Dena dela, liburu hauek neramatzan besapean:
Mirenek, berriz, ez zuen aurkitu Seve Callejaren liburu bat, aurrekoan eskolan izan baitzuten Seve, baina bai erosi zituen beste bi, Eta Zer? bildumakoak:
Landako utzi, zubi txikia zeharkatu, eta bagindoazen koinatuaren etxera bidean. Orduan, baina, pub irlandar baten parean, estropezu egin espaloi baten mailarekin, eta han abiatu nintzen lasterketa zoro batean, neu bakarrik: lehen pausoa salbatu nuen, bigarrena ere, justu-justu, baina hirugarrenean lurrera erori nintzen, erabat luze, igerilekuan banengo moduan. Une batez, mundua geratu egin zen; ez zen entzuten zarata izpirik ere. Bakarrik sentitzen nituen eskuen ahurrak erretzen. Halako batean, hasi ziren zaratak iristen: Miren eta Bego ni jasotzen, beste arima eskuzabal bat liburu poltsa berreskuratzen…, “ondo zagoz?”. Alde guztietatik jendearen begiradak: “a zelako ostia hartu duen gizagaixoak!”.
Eroriko ikusgarria, baina hortzak, koskabiloak eta betaurrekoak bere lekuan nituen. Koinatuaren etxera iritsitakoan eskuak ondo garbitu, Betadine apur bat eman, eta kito. Hor bukatu zen guztia.
Horrela horrela Joxe! Behin erortzen hasiz gero, ez erdipurdi behintzat. Soleraz! Eta artez! Betaurrekoak mailatu gabe! Nere koinatuak txikitan erakutsi zidan bezela: eroritakoan Patxi, rau! Gora segundurik galdu gabe, eta aurrera! Patxi trapero.
Konturatzen ari naiz, Patxi, jende zuhurra duzula zuk zeure inguruan, eta aholku onak ematen dizkizutela. Besarkada bat.