Azken aldian hainbat galdera plazaratu dira euskal blogosferan, blogariok ote gabiltzan geure burua nabarmendu nahian, idazten ote ditugun interesik bat ere ez duten gauzak, etab. Gaur saiatuko naiz galdera horiei erantzuten.
Geure burua nabarmendu nahian ote gabiltza?
Mikel Iturriak idazten zuen aurrekoan, Elena Lakaren mezu gogoangarria aitzakia hartuta, oigo y leo por ahí que los bloggers somos unos exhibicionistas. Ni entro ni salgo, pero me quedo con este tipo de exhibicionismo, a pecho descubierto.
Luis Rojas Marcos psikiatrak dio La fuerza del optimismo bere azken liburuan denok dugula bizi-bizirik jasota geure autobiografia, eta, lagun minekin aritu edo ezagutu berri ditugun pertsonekin, etengabe hitz egiten dugula geure iraganaz. Are gehiago dio, iraganari buruzko kontuak gogoraraztea da mintzagai gogokoenetako bat, eta elkarrizketa guztietan irteten omen da, sei bat aldiz bai orduko.
Blogak boladan daude, eta perretxikoak bezala agertzen ari dira nonahi. Udako Euskal Unibertsitateak ere ikastaro bat antolatu du uda honetarako, blogen gainean. Horren harira, Patxi Gaztelumendik hainbat galdera plazaratu ditu bere blogean, gure artean eztabaida sanoa piztu guran. Saiatuko naiz niri dagokidan zatia erantzuten.
Bat nator Rojas Marcosekin, eta, horren haritik, esango nuke blogetan geure buruaz idazten dugunean ere, hori besterik ez dugula egiten, geure autobiografiaz idatzi. Blogetan aurkitu dugulako beste plaza bat gure arteko elkarrizketak bideratzeko. Beraz, esango nuke ez dihardugula geure burua nabarmendu nahian, baizik eta beste eremu bat aurkitu dugula apeta unibertsal hori betetzeko. Ordea, nola esparru hori berria den, blogena, hainbat jende ari da esaten exhibizionista hutsak garela.
Zer idazten dugu?
Faroa sortu nuenetik, aldatu egin dut idazteko erregistroa, lehen Sustatun erabiltzen nuena. Gaixotu nintzenetik, 2002ko irailaren 11n, bi urtean dezente idatzi nuen Sustatun, estilo nahiko landuan, gainera. Eta hori horrela zen, denbora nuelako artikuluak lantzeko.
Orain, berriz, lanean dihardut egun osoz, eta askoz ere asti gutxiago daukat artikuluak-eta prestatzeko. Beraz, beste estilo bat ari naiz lantzen Faroan: estilo laburra. Gaiei dagokienez, denetik sartzen dut hemen: hausnarketak, kontakizunak, aipuak, anekdotak, eta oso noiz behinka artikulu landuak, denbora eskatzen duten horietakoak. Adibidez, Etxeparegandik Sintxanengana, orain dela gutxi argitaratua.
Ni saiatzen naiz zehatza izaten idazten dudanean, eta idazteko modu erraza bilatzen dut, ahozkotasunetik gertu, hobeto komunikatzeko.
Azken aldi honetan, gainera, beste blog bat ari naiz elikatzen, Gizakom, nire lantokian, HUHEZIn egiten hasi garena, eta horrek ere denbora dezente kentzen dit. Adibidez, TU Lankide aldizkariari buruz prestatu dudan artikulua egiteko, aldizkaria bera hartu, hainbat artikulu irakurri, begiratu Interneten zer aurki nezakeen aldizkari horren gainean, eta artikulua osatu dut.
Nola idazten dugu?
- Esaldi laburrak. Saiatzen naiz esaldi laburrak egiten.
- Aditza aurrera. Aurreratu egiten dut aditza, konturatu bainaiz Sebero Altubek ezarritako estiloak sekulako arazoak dituela euskaraz komunikatzeko orduan.
- Testu antolatua. Saiatzen naiz testua ondo antolatzen, izenburuak tartekatuz, eta horretarako bolatxoak edo zenbakiak erabiltzen ditut sarri, testua sailkatzeko, irakurleak errazago gainbegira dezan zer dagoen artikuluan.
- Lotura ugari. Ahalegintzen naiz irakurketa transbertsala eskaintzen, eta horretarako ahalik eta lotura gehien sartzen ditut, harira datozenean, irakurleak ahalik eta irakurketa aberatsena izan dezan.
Patxi Gaztelumendik dio blogetan irakurtzen dituen gauza askok eta askok ez dutela bat ere interesik. Seguru horrela dela. Baina seguru nago gauza asko daudela blogetan interes handikoak. Gauza bera gertatzen da eskuz banakako txapelketan, pilotan, edo futbolean, nahiz eta Europako Txapeldunen kopa izan, edo gure inguruan jokatzen diren hainbat eta hainbat txirrindulari lasterketatan.
- Erantzunak. Saiatzen naiz erantzunei erantzuten, irakurle horiek jakin dezaten kontuan hartzen ditudala beraiek esandakoak, haiekin bat etorri edo ez, elkarrizketa baita blogen aberastasunik handienetako bat.
Non dago idazten dugunaren interesa?
Saiatzen naiz erabiltzen gairik interesgarrienak, ikuspegirik originalena, eta modurik errazena, baina badakit emaitzak ez direla beti nire gustukoak. Horrelakoetan, irakurleak eskubide osoa du alde egin eta beste larretan bilatzeko gustuko janaria. Nik ere horixe egiten dut nabigatzen dudanean.
Kritika abiatzean, autokritikaren bidetik abiatu nintzen blogeko gogoeta edo aipamen horretan. Neure mundutik (blogetik) gainontzekoa zelan ikusten dudan aipatu/epaitu gura nuen. Baina asmorik sendoena, idazketaren ingurukoa zen. Gogoeta bat idazkuntzaren gainean.
Eta horregatik asko gustatu zait, aitor dut, puntuka egin duzun sailkapen hori. Eta bistan da, albisteak egiten dituzunean hori baliatzen duzula, eta guk geuk, blogak egiten ikasten ari garenak, baliatu ahalkok dugula.
Uste dut Joxe, blogen lehen eztanda honen ostean, bigarren txanda bat etorriko dela. Handiagoa, masiboagoa… eta orain eztabaidak hori izan behar duela maila batean. Gogoeta. Idazketa, gaiak, tratamenduak, hizkuntzaren erabilera… filologikerietan erori barik, baina dena be oharkabean pasatzen utzi barik.
Joan etorriko eztabaidak egingo ditugu, nork bere blogean eta batzuk besterenean. Eta eztabaida horren ondorioak edo UEUko ikastaroetan bildu gura genituzke. Blogen inguruko gogoeta sustatuz. Izan be, unibertsitatean hoiek izan beharko lukete gogoeta gai. Softwarea eta teknologiaren inguruko gogoetak batetik, idazkuntza eta hizkuntzarenak bestetik, eta azkenik blogen ondorio soziologikoak edo gizarte mailakoak.
Gogoetak dira, esan dizu(e)t. Segi dezagun idazten eta irakurtzen.
Jesus…
Ikaratzen hasia naiz zuen azalpenekin, eta baita pixkat desanimatzen gure idazteko motibazioak direla eta ez direla.
Gure burua nabarmendu nahi dugula azpimarratzen duen edozeini, zera esango nioke, ia idazle, kazetari edo gainontzekoek berain burua nabarmendu nahi duten edo beste zaletasunen bat dagoen atzean.
Idaztea pekatu ote? Gaurkotasuneko gaien inguruan eztabaida sortzea norberaren burua nabarmentzea ote? Niri bost.
Idaztea gustatzen zaionari eta bere ogibideak hori egiten usten ez dionari… ongi etorri blogosferara!
Hamaika gauza egiten dugu bizitzan funtsezko arrazoirik gabe, zaletasunen indarra da hori.
Ah! “Faro-gizon”!
Mila esker zure faroarekin marinelon gure eguneroko nabigazioa errezteagatik, badakizu, munduan desagertzear omen dagoen ofizioa da “faro zaintzailearena”, hortaz, tinko zure atalaian!
Bloga-bloga!
Beste blogosfera batzuetan ikusi dudanaren arabera, eta hemen ere berdintsu delakoan nago, blogariok maite dugun gai bat dira… blogak. Bloga idazteak zer esan nahi duen norberarendako, bloga egiteko modua, aholkuak, krisialdiak denetarik komentatzen da.
Marinel laguna, ez duzu zertan ikaratu. Bakoitzak bere arrazoiak ditu bloga egiteko. Nik neureak, eta zuk zeureak. Bionak, zilegi askoak. Orain blog bana dugu esku artean, goza dezagun hortaz, eta egin dezagun blog interesgarriak.
Gogoetak ere ondo daude, Patxi. Nik ere, horixe egin dut gaur, zure deiari erantzunez, baina bihar zinemara joango naiz, hori ere gustuko dut-eta. Uste dut zinemagileak blogarion antzekoak direla. Eta horiek ere, Leirek dioen moduan, denetaz jardun ohi dira, zinema maite dutelako.
Besarkada handi bat denoi.