Udalatx, ura eta atxa

Eñaut Iturbe, Nahiara Corcuera eta Iban Ayesa. (Argazkia: Goiena)

Atzo Udalatx, ura eta atxa dokumentala ikusi nuen Elorrion, Arriola antzokia lepo zegoela. Banuen ilusioa hura ikusteko, alde batetik, trailerreko irudiak oso onak direlako, baina baita Iban Ayesa izan duelako zuzendari, aspaldi Arrasate Telebistan lankide izan nuen mondragoetarra. Justu sarreran agurtu nuen Iban, pozik ausartu delako inguru hauetako gehienontzat ikono bat denarekin, Udalatx.

Emaitza oso ona da, egileak ez baitira mugatu irudi ederrak josten. Hamar bat ataletan, esplikatu digute, beste horrenbeste adituren ahotsetan, zein izan den Udalatxen bilakaera, nondik datorren, zelan eragin duen ingurukoon bizitzetan eta zein egoeratan dagoen gaur egun. Pare bat interbentzio kenduta, zeinak gehiago ziruditen irakurtzeko testuak eta ez esatekoak, aditu gehienek ondo bete zuten egin beharrekoa.

Eta hori guztia irudi zoragarriz lagunduta, eta kontalariak sortutako gidoi sendo baten laguntzarekin: Udalatx bizirik dago, aterpe ematen die flora eta fauna ugariari, baina hondatzen ari gara —ez da kasualitatea bosgarren atalak krak! izena eramatea, harrobiaren ustiaketari eskainitakoa.

Zorionak eman nahi dizkiot Udalatx, ura eta atxa egin duen talde osoari, eta baita Besaide mendizale elkarteari ere, berak bultzatu du-eta bai dokumentala eta baita haren inguruko liburua ere. Lan zoragarria egin dute, balioko duena Udalatx inguruko bizilagunok kontzientzia har dezagun zaindu behar dugula inguru hori.

Kategoria: Zinea Etiketak , , , . Gorde lotura.

2 erantzun Udalatx, ura eta atxa-ri

  1. egilea: Iban Ayesa Azkoaga

    Eskerrik asko Joxe!
    Pozten nau dokumentala gustokoa izan duzula jakitea eta baita zurekin elkartzea urte askoren ostean.
    Ondo bizi!

  2. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Aupa, Iban!

    Neu ere izugarri poztu nintzen zu agurtuaz, urte asko pasatu dira-eta azkenengoz izan ginenetik. Eta lan eder hori zuzendu duzulako.

    Ondo segi,

    Joxe

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude