Ulisesek 13 urte ditu, eta Barçak fitxatu duenez, La Masia izeneko egoitzan sartuko da. Bertan egia bihurtu nahiko du bere ametsa: saskibaloiko jokalari profesional izatea. Baina lehen egunetik, kirolarien olinpo amestua (pentsa ezazue egoitza horretan izan zirela Messi,Iniesta, Gavi, Ansu Fati eta beste kirolari ezagun asko), bada olinpo hura infernu jasanezin bihurtuko da berarentzat: berak eta berak bezalako iritsi berriek era guztietako umiliazioak jasan beharko dituzte, zein baino zein nazkagarriagoa.
Joan Jordi Miralles dugu Triomfador nobelaren egilea. Ulisesek bezala, berak ere La Masiatik igaro zuen, Barçako saskibaloilaria izan nahi baitzuen, eta lehen eskutik bizi izan zituen guk era nobelatuan irakurri ditugunak. Kontatu ere, gorroto barik kontatzen du hango giro toxikoa, baina, niri behintzat, zenbait pasarte oso gogorrak egin zaizkit; arnasa hartu behar izan dut aurrera egin aurretik.
Liburua bikaina iruditu zait. Irakurlearen barrenak astintzen ditu, eta agerian jartzen ditu eliteko kirola sostengatzen duten balio suntsitzaileak.
Nik katalanez irakurri dut, baina gaztelaniaz ere aurki daiteke.