Gaurko egunez hil zitzaigun, orain urtebete, Ramon anaia. Ia bi hilabete lehenago, abuztuaren 2an, glioblastoma bat antzeman zioten buruan, bi urte lehenago Begoña arreba hil zuen gaitz bera. Ramonek 71 urte zituen hil zenean.
Harrezkero, askotan sentitu izan dut haren falta, besterik ez bada esateko atzo Evenepoelek irabazi zuela txirrindularitzako munduko txapelketa, Bergarako herritarrek 20.000 argazki publiko jaitsi dituztela udal artxiboaren bilduma digitalizatu berritik, tartean osaba Felixen ezkontzako bi, edo Bartzelonako Sagrada Familian lehoi baten eta zezen baten buruak igoko dituztela bi dorretara… edo haren barrea sentitzeko, besterik ez bada.
Bera hil ostean bi artikulu idatzi nituen Faroan: Ramon Aranzabal: dolu-egunak eta Bost une Ramon anaiarekin. Besarkada handi bana Lierni emazteari eta Usue alabari.