Joan den igandean Lurdan sartu bezain laster (frantsesez Lourdes), begi-bistan geratu zitzaigun Bernardette zela hango izarretako bat —bestea zen bertako Ama Birjina, zeina milaka eta milaka iruditan agertzen baitzen nonahi.
Bernardette Soubirous errotari baten alaba bat zen, eta elezaharrak dioenez, 14 urte zituela, inguru haietako koba batean Ama Birjina agertu zitzaion. Neskatila okzitaniarra zen (haren izena Marie-Bernarde Soubirous zen bere jatorrizko hizkuntzan), eta okzitanieraz baizik ez zuen hitz egiten. Ez omen zekien frantsesez. Haren historia, berriz, frantsesez kontatu da.
Hala ere, hona ekarri nahi dut lehen euskal nobela moderno onenetako batekin izan lezakeen loturagatik.
Artetxe, Saizarbitoria eta Corazón
Egunero hasten delako nobelaren 50. urteurrenaren harira, Ereinek prestatu zuen edizioan Ramon Saizarbitoria idazleak kontatzen du Jose Artetxe idazle azpeitiarrak errieta egin ziola Bernardetteren aurpegia erabiltzeagatik liburu haren azalean, zeina, besteak beste, abortuaz ziharduen. Halaxe kontatzen du Saizarbitoriak:
Kontua da, behin fitxategi aurrean nengoela eta Arteche bestaldean jaun gehiagorekin, aulkian atzera botata, ohi zuen bezala, halako batean, hatz erakuslearekin seinalatuz zera galdetu zidala: «Zu Saizarbitoria zera, ezta?» Ez zuen euskararik sekula erabiltzen, Bibliotekan behintzat. Ni pozik, ezagutu ninduelako; norbait nintzen; ez zidan, ba, eskainiko ikertzaileen areto baketsuan, non beti zeuden aulki libreak eta ez zen ikasleen algararik jasan behar, sartzeko baimena…? Baietz erantzun nion. Eta berak, orduan, sabaia dardara suminkorrez seinalatuz, «barkamena eskatu behar diozu Euskal Herriari belauniko» esan zidan, bere ahots burrunbatsuaz Jainkoaren hirak hartuta. Ni, txundituta, beldurtuta eta lotsatuta. (…) Gero, ez dakit nola, jakin nuen gizona haserretu zuena, nobela bera bainoago —ziur asko ez baitzen irakurtzera iritsi—, azala izan zela. Lehendabiziko argitalpenaren azala orain mundu zabalean ezaguna den Alberto Corazón diseinatzailearen lana da, eta bertan neska baten aurpegia azaltzen da. Artechek Santa Bernardetteren antza hartu zion, nonbait, eta pentsatu bide zuen asmo txarrez aukeratu genuela abortatu egiten duen protagonista irudikatzeko. Ez zen ideia txarra —bekatuaren kontra dagoen jende horrek bekatua baitu buruan—, baina niri behintzat ez zitzaidan halakorik burutik pasatu.
Saizarbitoriak esan duenez, Alberto Corazonek berak azaldu zion portadako emakumea ez dela Bernardette, ezpada “familia kontsideratzen zuen Donostiako Castells-Artetxetarretako neska bat”.
Goiko montajean biak agertzen dira, liburuaren azala eta Bernardette Soubirous-en aurpegia.
Badu ba antza! Eta ez, ez zen ideia txarra 🙂
Halaxe da, Iban. Segi gogor.