Liburu-saltzaile adoretsua

Sylvia Beach eta Ernest Hemingway bi lagunekin, Shakespeare and Company liburu-dendaren aurrean.

Bazen behin Europan hiri bat distiratsua, Paris. XX. mende hasieran Frantziako hiriburuak sekulako argia hedatzen zuen Mendebalean. Bertan era guztietako sortzaileak elkartzen ziren: pintoreak, eskultoreak, publizistak, musikariak, aktoreak, idazleak… Jende gazte asko, mundua jateko prest.

La llibretera de París / Parisko liburu-saltzailea nobelak, berau Kerri Maheridazlearena, kontatzen digu modu fikzionatuan zelan Sylvia Beach gazte amerikarra iritsi zen Parisera Lehen Mundu Gerra hastear zela, eta, tirriki-tarraka, zelako eragina izan zuen Parisko kultur mugimenduan Shakespeare and Company liburu-dendaren bidez.

Sylvia Beach gazteak liburuak maite zituen, eta Adrienne Monnier liburu-saltzailea ezagutu ondoren, eta hark animatuta, bere liburu-denda sortu zuen, bertan ingelesezko liburuak eta aldizkariak saltzeko. Gerla Handia hasia zegoen liburu-denda ireki zuenean, eta, poliki-poliki, saltoki hartan hasi ziren agertzen AEBetatik eta Britainia Handitik iritsitako idazleak: Ezra Pound, Ernest Hemingway, Scott Fitzgerald, Gertrude Stein, Henry Miller… Baita frantsesak eta beste herrialdetakoak ere, hala nola, Andre Gide, Paul Valéry, Jules Romains, Samuel Beckett eta James Joyce, besteak beste.

Shakespeare and Company bigarren etxetzat hartu zuten Parisera erbestetik iritsitako idazle gazte gehienek, eta bertan egosi ziren kultur proiektu dezente. Horregatik bihurtu zen mitikoetan mitiko liburu-denda hura. Eta, argitaletxe izan barik, berak argitaratu zuelako Ulises artean nobela jazartua, eta gero XX. mendeko lan gorenekotzat jo izan dena. Hain zuzen ere, liburuak orrialde asko eta onak eskaintzen dizkio Sylvia Beach-en eta James Joyce-ren arteko harremanari eta Ulises argitaratzeko bizi izandako kalapitei.

Plazer handiz irakurri dut liburu hau, eta beronen bidez XX. mende hasierako Paris distiratsuan murgildu naiz, beti ere Sylvia Beach erabakimen handiko liburu-saltzailearen eskutik.

Kategoria: Liburuak Etiketak , , , , , . Gorde lotura.

2 erantzun Liburu-saltzaile adoretsua-ri

  1. egilea: Iban Arantzabal

    Joxe,

    Liburu-denda hori zabalik ote dago? Zelakoa ote da orain, eta izango du orduko distirarik…

  2. egilea: Iban Arantzabal

    Aixx. Ospa egin dit mezuak.

    Aipatzekoa nintzen Eneko Barberenak eta zuk kointziditu duzuela liburu-denda aipatzen: https://blogak.goiena.eus/sagasti-etxea/2022/04/10/1922/ 🙂

    Eskerrik asko bioi ze ikasteko aukera ematen diguzue blog irakurleoi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude